Toki komunak, jende maitea

Euge Villazón-La Quiaca mugan Muga gurutzatu eta berehala Eugeri esan nion: “Hori usaintzen duzu? Argentinak usain ezberdina dauka”. “Hori tabako argentinarra da boludo!” – bota zidan berak gupidagabe. Eta egia zen. Aldaketa buruan dago eta nik ere, buruan neukan. Esan nahi dudana da muga fisikoak egon badaudela baina inportanteenak norberaren buruan dauden horiek direla. Villazon (Bolivia) eta La Quiaca (Argentina) oso antzekoak dira eta mugagatik ez balitz, herri bera dela esan liteke.

Ni, ordea, toki berri batean nengoen. Hileak neramatzan itzulerarekin amesten eta pentsatzen nuen bezalakoa izan ez bazen ere, pozik nengoen. Humahuacan (Jujuy) egin genuen lehenengo geldialdia. Izen bereko arroilan dagoen herri txiki bat da, oso ezaguna aparteko paisaian kokatuta dagoelako eta kultur arloan leku oparoa izan delako betidanik. Purmamarca6Bidaia osoan zehar hari ezkoztatuz egindako eskulanak, belarritakoak, eskumuturrekoak eta idunekoak, saltzeko lehen saiakera egin genuen bertan, baina jende gutxi zebilen garai hartan eta ez genuen ezer saldu. Eskulan guztiak etxera eraman genituen, bueltan, eta asko lagunen artean banatu genituen.

Purmamarcan heldu zen hurrengo atsedena, zazpi koloredun muina benetan entzunda nuena bezain polita ote zen egiaztatu nahi bainuen. Eta bada. Bertako familia batek ostatatu gintuen bere etxetxoan, eroso. Herri txukun eta xarmagarria da Purmamarca. Turistikoa oso, baina modu atsegin batean, jendetzarik gabeko modu horretan.

P1120052Herriaren inguruan paraje ederrak daude. Kaktus luzeko basamortu gorrixkak, eraketa arraroa duten muinoak eta bero sapa astuna urte osoan zehar, neguan ere. Purmamarcako hilerria xarmagarria iruditu zitzaidan eta bertan ezagutu nuen Policarpo Patagua handia izan zena.

Han geundela Argentinak jipoi mingarria jasan zuen Alemaniarengandik (4-0) eta Munduko Kopatik at geratu zen, partida ikustera plazan bildutako hamarka eta hamarka lagunen zoritxarrerako.

Purmamarcatik Saltara egin genuen salto. Saltari “La Linda” esaten diote eta niri polita iruditu zitzaidan baina hiria baino askoz politagoak dira inguruko herritxoak eta paisaiak. Guk, baina, ez genituen gehiegi gozatu. Eztabaida sutsua izan genuen ostatua aukeratzeko unean eta Eugek oso haserre amaitu zuen nirekin, arrazoi guztiarekin beharbada. Autobus terminalean tipo batek ostatua eskaini zigun eta, baldintzekin konforme, bertara joatea erabaki genuen. Esan ez ziguna, tokian israeldarrak baino ez zeudela, eta noski, nik ez nuen israeldarrez betetako ostatu gehiagorik nahi. Enkargatuari geratu behar ez ginela esan genionean nahiko txarto hartu zuen eta terminaletik ostaturako taxia ordaindu behar geniola esan zigun. Nik, jakina, ez nion zentabo zikin bat bera ere utzi nahi eta tira-bira txiki baten ostean handik irtetea lortu genuen.

Cafayate 2

Saltan pare bat egun igaro eta Cafayatera joatea erabaki genuen, han baitzeuden gure moduan kontinentean barrena bidaiatzen ari ziren Javi eta Ana lagun porteñoak. Lagun baten etxean zeuden eta guretzat ere lekua egingo zutena agindu ziguten. Ez genuen asko pentsatu behar izan eta berehala abiatu ginen ardoaren lurraldera. Izan ere, mahasti eta upategiz jositako tokia da Cafayate eta, hortaz, inguruetan ardoari lotutako turismoa da nagusi. Calchaki indioen lurretan lagunekin berriz elkartzea haize bolada freskoa izan zen gure buru nekatuentzat.

Soleren etxean azken hilabeteetan bizitakoak elkarri kontatu genizkion. Ze handia Sole! Ez gintuen ezertaz ezagutzen baina etxekotzat hartu gintuen segituan. Inguruetako herrixketan dihardu maistra gisa eta bertako familia apalenen gorabehera atsekabetsuek asko hunkitu gintuzten. Toki horietan dago benetako erronka, behe behetik egiten den lan hori da beharrezkoena inoiz gizarte justu eta aske batean bizi nahi badugu.

P1120188Soleren etxean gainera gnocchiak oratzen ibili ginen eta lehen aldia izateko gozo-gozoak atera zitzaizkigun. Afari ederra egin genuen. Beste egun baten herriko plazan ibili ginen Saverio eta Anacletaren (Javi eta Anaren alter ego artistikoak) txotxongilo ikuskizunaz disfrutatzen eta gauez Andeetako folklorearen doinu eta dantzez gozatzen.

Javik eta Anak Catamarcako lurretan aire zabaleko meatzaritzaren aurkako mugimenduarengandik ikasitakoak kontatu zizkiguten, horiek eta beste toki txiki askotan bizi diren lagun handiei buruzko irakaspenak ere. Aurretik bagenekien zerbait erakutsi ziguten lagunek: pertsona adina bidaiatzeko modu daudela munduan eta bakoitzak berea duela. Guk bestelako asmo, zaletasun eta interesak genituen. Maila lokalari lotutako istorio txikiz osatutako bidaia handia zen haiena. Eta gurea, zer bidaia klase zen gurea?

Jende ezagunaren konpainiaz gozatzea eta ezagutu berritan betikoak direla diruditen lagunekin egotea, bidaiaren azken txanpari beste umore batez aurre egiten lagundu zigun. Irakurtzen jarraitu

Arrangura boliviarra

Cerro Rico, Potosi

Cerro Rico, Potosi

Etxera itzuli beharra nuen, Boliviak argi erakutsi zidan. Horrenbeste denbora bidaiatzen ibili ostean ez genuen bat-bateko amaierarik nahi, itzulera ere patxadaz hartu nahi genuen. Horrela hobe izango zela uste genuen, baina ez, oker genbiltzan.

Pazientzia aspaldi agortua daukazunean, toki miragarri bat beste baten atzean ikusi eta ahobete hortz geratu beharrean El Corte Inglesen kaltzontziloak erosten baino emozio gutxiago sentitzen baduzu, zerbait ez doa ondo zure buru horretan. Sekula ez nuke pentsatuko bidaiatzea hain nekagarria izan zitekeenik. Baina ez naiz neke fisikoaz ari, burukoaz baizik. Gainera, amore ematea asko kostatzen zaien “burukarratu” horietako bat bazara, eta ni banaiz, akabo bakea. Hori sentitzen baduzu, hona gomendio bat: Bolivia ez da tokirik egokiena zuretzat.

Irakurtzen jarraitu

Mexiko eder eta maitea!

DF 22 - Zócalo

Jorge Negreteren kanta ezagunak dioen moduan, “Voz de la guitarra mía, al despertar la mañana, quiere cantar su alegría, a mi tierra mexicana”. Gitarrarik ez neraman baina Mexiko Hirira iritsi ginen goiz hartan pozez kantatuko niokeen nire Mexiko maitatuari“DFn gaude, bazen garaia redios”pentsatu nuen Hegoaldeko Autobus Terminalera heltzean. Ezagutzen nuen aurretik Mexiko Hiria eta gogo asko nituen Eugek ezagutu zezan toki berezia delako niretzat. 2005ean bisitatu nuen lehen aldiz eta dimentsio berri batean emandako lehen pausoa izan zen. Orduan Txiapasen egindako lagunak mantentzen ditut oraindik Latinoamerikan barreiaturik. Horietako bat da Dulce, gure Dulce gozoa.

DSCN1331Bost urtetan kasik harremanik izan ez arren etxekoak bagina bezala hartu gintuen. Bere salako sofan hotelik finenaren suite handienean baino erosoago sentiarazi gintuzten Dulcek eta bere amak, Dulce Amak. Etxe berezia da Jose Revueltas kaleko hori. Goizean goiz Blas zakurtzarrak (Blaise Pascal matematikariaren omenez jarri zioten izena, Matematikak oso toki berezia baitu familia horretan, baita animaliek ere) milika batez esnatzen gintuen, musuka agurtu nahi bagintu bezala, Mexikoko selekzioak Hegoafrikako Munduko Kopan egin behar zuen debuta gal ez genezan. Apurka etxeko katuak ere agertzen hasten ziren, nagiak ateraz. Osaba Lamberto etxera heldu eta inoiz jan ditudan “quesadilla”-rik onenak prestatzen zizkigun gosaltzeko. Etxean geunden! Irakurtzen jarraitu

Pueblako tortak eta Taxcoko vochoak

puebla1Oaxaca atzean utzi behar izan genuen DF-ra hurbiltzen joateko eta hurrengo geldiuneak Pueblan utzi gintuen. Puebla hiri historikoa da Mexikoren bilakaera garaikidean. 1910eko iraultzak Porfirio Diazen errejimena garaitu eta burgesiak Estatuko instituzioetan zuen nagusitasuna errotik aldatzea lortu zuen.

Erregeordetzaren garaian Popocatepetl sumendiaren babespean altxatutako hiri hau Nueva Españako bigarrena izatera heldu zen bere kokapen estrategikoari esker, Mexiko Hiriaren eta Verakruzeko portuaren artean baitago. Irakurtzen jarraitu

Indarkeriaren apologia Oaxakan

P1100745

 

Nekagarria da bidaiatzea. Horretan aritu izan denak ondo daki. Neke fisikoa atseden hartuta edo ordu batzuk lo eginda ahaztu daiteke, baina neke psikologikoa gure burutik ateratzea lan zaila bilakatu daiteke. Oaxakara heldu ginenean (aurretik Tonala eta Puerto Aristatik ere pasa ginen) burua lehertzear nuen, akituta erabat.

Oaxaka (Estatuak ere izen bera dauka) oso hiri interesgarria da ikuspegi guztietatik begiratuta. Bertakoak ziren Benito Juarez politikari ospetsua baita Porfirio Diaz diktadorea eta haren aurkako mugimendua sustatu zuten Flores Magon anaiak (magonismoaren sortzaileak eta 1910eko iraultzaren abiarazleak). Irakurtzen jarraitu

San Cristobaletik zeruaren ahora

San Cristobal de las Casasen ere eroso geunden. Hiria berrezagutzeko aukera izan nuen han pasa genituen egunetan. Hemen ere aldaketak sumatu nituen, turismoaren merkadutekniak aurrerapen nabarmenak egin ditu Chiapasen.

Aurreneko egunetan aspertu egin ginen apur bat, euria eta euria, ez genuen besterik. Oskarbi argitu eta berehala lainotzen zen eta 11etarako kaleetan behera zihoazen korronteek uharte bilakatzen zuten kuadra bakoitza. Ez da txantxa, kalea zeharkatzeko tipo batek bere kamionetaren atzealdean eraman behar izan ninduen behin. Irakurtzen jarraitu

Inboluzio zapatista

Behin Palenquen egonda Roberto Barriosera igotzea derrigorrezkoa iruditu zitzaigun. Roberto Barrios zapatisten bosgarren karakola da. Karakolak eskualde jakin bateko udalerri autonomoak koordinatzeko sortutako guneak dira eta bost daude, denak Txiapasen. Oventic, Los Altos eskualdean; La Realidad, Lacandona oihanean; Morelia, Tzots indigenen oihanean; La Garrucha, oihan Tzeltalean; eta Roberto Barrios, Chiapas iparraldeko basoetan.

Orain bost urteko egonaldia erabat mitifikatuta nuen eta orduan ezagututako jendea agurtzera igotzea ideia ona izan litekeela pentsatu nuen, bide batez, mugimendu zapatistaren egungo egoeraz mamitzeko. Kontua da igo ginela eta oraindik ez daukadala batere argi erabaki egokia izan zen. Irakurtzen jarraitu