Indarrik gabe Fortalezan

Beste autobus batera salto egin genuen Fortalezara joateko. 18 ordu aurreko umeen negarrak entzuten, ez da txantxa. Fortaleza Brasilgo hiririk arriskutsuena omen da, indarkeriaren ondorioz heriotz gehien dituen estatua. Horrek ez gintuen gehiegi liluratzen eta hondartzara joatea nahiago izan genuen hiria azken egunerako utziaz.

Canoa Quebrada izeneko herritxo batean amaitu genuen. Herria ostatu garestiz josita dago, hondartzaren ertzean, eta gauez kale nagusia (Broadway deitzen diote eurek) jendez betetzen da. Herria Nouvelle Vague zinema mugimendu frantsesari esker egin zen ezaguna baina ez dauka gauza handirik. Hori bai, atsegina izan zen berriz ere olatuen indarra eta ur gaziaren zaporea sentitzea. Denbora gehiegi neraman ibaian, kostaldea erdi ahaztuta nuen jada.

Manausera itzuli aurretik Fortalezatik pasa ginen, hiriaren erdigunea bisitatzera. Oraindik ez dut ulertzen nola erakar ditzakeen horrenbeste turista. Hiria itsusia da, itsuia eta aspergarria iruditu zitzaidan. Merkatu erraldoi bat (Brasilgo handiena, diotenez), Katedral erraldoi bat, gotorleku erraldoi bat eta artisautza gune bihurtutako kartzela txiki bat. Hori da funtsean ikusi genuena. Bueno, ikusi nuena esan beharko nuke bidaidea gaixotu egin baitzen berriro eta ia arrastaka eraman behar izan nuen toki batetik bestera. Merkatuan denbora gehiago egon zen komunean sartuta merkatuan bertan baino; gotorlekua itxita zegoen; katedralean lo geratu zen banku batean etzanda; eta kartzelan gonbituka ibili zen komunetik irten ezinik. Fortalezak indar guztiak kendu zizkigula esan daiteke.

Gauean Manausera bueltatu ginen hegaldi merke batean. Aireportuan medikura joan ginen. Eugeri gonbituak eteteko pilula bat eman zion eta niri sabelaldean, albo batean ateratako bolatxoa zer den argitu zidan. Haren hitzetan, “lesão nodular cistica (kistikoa) abdominal” bat daukat. Baina ez naiz hilko, berez desagertuko dela esan zidan, gorputzak kanporatu ezin eta kapsula batean sartu duela.

Goizaldeko 03:00etan iritsi ginen ostatura eta erreserba izan arren ez gintuzten espero, ondorioz, gela zikinenean sartu gintuzten. Manausen apur bar baretu ziren Eugeren gaitzak eta Boavistara alde egin ahal izan genuen.

Venezuelara pasa aurretik azken geldialdia izan zen Boavista. Hiri fantasma baten antza hartu genion. Egunez ez dabil inor kaletik, gu bezalako bidaiari despistatuak ezik. Eta gauez jende guztia Praça das aguas deritzoten tokian biltzen da baina gainerako tokiek hutsik segitzen dute. Fortaleza hiririk arriskutsuenetarikoa dela badiote, Boavistan kontrakoa gertatzen da, edo hobe esanda, ez da ezer gertatzen. Dolarrak lortzen saiatu nintzen Venezuelako merkatu beltzean aldatzeko (kanbio ofiziala negar egiteko modukoa da) baina ezin. Realak eraman behar izan genituen ustezko iraultza bolivartarraren herrialdera.

Mugara autobusean iritsi eta oinez pasa ginen Venezuelara, Santa Elena de Uairenera. Aduanako funtzionarioek sukar horiaren aurkako txertoaren egiaztagiria ote genuen galdetu ziguten. Eugek baietz erantzun zien, baina motxilaren barrenean zeramala. “Ondo da”- funtzionarioak. “Eta zuk, baduzu ezta?”- niri ari zitzaidan. Segundu batez egia esatea pentsatu nuen, baina zertarako… “Bai, bai, noski, motxilan daukat”. “Ondo da, pasa zaitezkete”. Venezuelan geunden.

Irakurtzen jarraitu

Advertisements

Lençois Maranhenses

Aurretik esan dudan bezala, Alcantarari buruz ez nekien ezer hara joan aurretik, eta, egia esan, Saõ Luisi buruz ere ez nekien gauza handirik baina Interneten ikusitako toki batekin erdi obsesionatuta nengoen. Tokia, Lençois Maranhenses, duna erraldoiez osatutako basamortua da, kostaldean. Harea eta harea, ehunka kilometro karratuko areatza amaigabea, eta tarteka, dunen”artean urmael bat ageri da.

Zeruaren urdinak kontraste polita sortzen du hare zuri-zuriarekin eta ezustean bezala han hemenka aurkitzen ditugun urmael berdeekin. Laku txiki hauek euriak sortzen ditu, beraz, eurite garaian beteta egoten dira eta sikatea dagoenean, berriz, batzuk hustu egiten dira eta beste batzuk txikitu. Gu, nola ez, mailarik baxuenean zeudenean egon ginen. Azkenaldian egon garen toki guztietan gauza bera pasa zaigu, garairik txarrenean joan garela, alegia.

Dena dela, ur gutxirekin ere ikusgarria da tokia. Dunen gailurrera igo, panoramarekin disfrutatu eta ondoren Lagoa dos Peixes urmaelean bainu fresko bat hartu eta arrain koloretsuen artean igeri egin.

Parke nazionalera heltzeko Barreirinhas herrira heldu beharra dago, Saõ Luisetik 4 ordu eta erdira, eta handik tour bat hartu. Momentuz ez dago beste modurik hara heltzeko. Gure taldean denak ziren brasildarrak. Kamioian gure ondoan eserita bikote gazte bat. Realitiy show batetik ateratakoak ziruditen; tipoa 2×2 metroko armairutzarra zen eta neska, titiak silikonaz puztu berriak, kontu handiz mugitzen zen printzesa. Besteak Saõ Paulo edo Rio de Janeirotik heldutako bi familia ziren, zein baino zein pijoagoa. Berehala raiatu nintzen konpainiagatik baina minutuak pasa ahala jet-set brasildarraren jokamolde erridikuloez trufatzen hasi nintzen.

Barreirinhasetik aukera asko daude baina tipikoena Lençois Maranhenseak ikustera joatea da. Bestela badago Cabure izeneko herri txikia bisitatzeko aukera, Preguiçoes ibaian behera doan ontzian. Caburen hondartza bikoitza daukate. Alde batean ur gaziko hondartza, Ozeano Atlantikoan, eta bestean ibaiak sortzen duena. Dena 100 metro baino gutxiagoko tartean.

Irakurtzen jarraitu

Ipar-ekialdeko siestak

Belemera ailegatzean autobus terminalera joan ginen zuzenean. “Gabonetan Belemen”, ipuin bibliko baten izenburua dirudi. Ez genuen hiri handietan denbora pasatzeko gogorik eta Saõ Luisera joateko txartela erosi genuen. Ez genuen gauez bidaiatu nahi asaltoak sarritan gertatzen direla entzunda genuelako baina ez zegoen beste aukerarik. Baliozko gauzak (pasaporteak, kreditu txartelak, argazki kamera, ordenagailua…) eserleku barruan ezkutatu genituen, badaezpada, eta hatzamarrak gurutzatu genituen. Ez zen ezer pasa, eskerrak.

Alcantarari buruz ez nekien ia ezer. Izenak auzoko iturgina eta ‘Cuentame’ telesaileko familia ekarri zidan gogora. Herria Saõ Luisetik (Maranhao Estatuan) 22 kilometrora dago, gertu. Baina ontzi batean joan behar da, bestela, errepidez, 450 kilometro dira. Abiatu bezain laster jabetu ginen itsasoan nabigatzeak ez daukala zerikusirik ibaian bidaiatzearekin. 20 minutu generamatzanean hasi zen zorabialdia. Ingurura begiratu eta jende guztia (30 lagunetik 25) botaka ari zela ikusi nuen. Gu biok eta Madrilgo bikotea, baino ez ginen falta. Haize egokituak gonbitu usaina zekarren, boladaka. Kostata, baina Alcantarara heltzean gosariak sabelean segitzen zuen.

Kriston herri polita eta lasaia da, estilo kolonialekoa eta oso koloretsua. Herriko plazan, belar artean, eliza zaharraren hondarrak ikus daitezke. Ondoan, Pelourinhoa: esklabu beltzak denen aurrean zigortzeko erabiltzen zuten zutoina, kolonialismo esklabistaren alderik basatienaren eta, aldi berean, esklabuen duintasunaren sinbolo bihurtuta.

Ezusteko aurkikuntza izan zen Alcantara. Bazter guztietan, kolore biziko etxeen artean, kolonia garaiko eraikin erraldoiak, hutsik, txikituta. Batzuei, keramikazko baldosa urdinez jantzitako hormak baino ez zaizkie geratzen. Nahikoa herria bere garairik oparoenean nolakoa izan zen imajinatzeko. Plazerra da harrizko kaleetan gora eta behera ibiltzea eta bertako biztanleen bizimodu lasaiarekin bat egitea. Noizean behin militarren kamioiren bat edo beste irudi bukolikoa hausten du, baina biztanleek ez dute horretan erreparatzen eta beren amets nagitsuetan murgiltzen dira berriz ere. Guk ere amets egiteko aukera izan genuen egunaren parterik handiena lotan edo siestan pasatzen baikenuen.

Erdigunetik 10 bat kilometrora Brasilgo NASAk (eurek dioten moduan) espaziora misilak jaurtitzeko basea eraiki zuen orain dela urte batzuk eta beren lana herritarren artean zabaltzeko museo txiki bat egin zuten herrian bertan. Lehen saiakeran koheteak eztanda egin zuen eta barruan zihoazen astronauta guztiak hil egin ziren.

Alcantarako hondartzetan, Maranhaoko onenak askoren esanetan, herritik kilometro gutxi batzuetara, arrainak uraren gainetik doaz irristaka, eta ondoko basoetan Guara izeneko txori gorriak taldeka ikus daitezke.

Ostertzan Saõ Luis ageri da, paisaiaren armonia hausten duten etxeorratz luzeekin. Brasil portugaldarren kolonia garrantzitsuena izateagatik ezaguna bada ere, Saõ Luis frantsesek sortu zuten. Hiri handia da eta oso alde zahar interesantea dauka. Bistadazo batean sumatu daiteke, ordea, Saõ Luisen arorik onena aspaldi igaro zela, eraikin historiko gehienak utzita baitaude eta inoiz eraberritu bazituzten, orain dela urte asko izan zen. Asko eta asko erabat hondatuta daude eta beste batzuk eraberritze prozesuan. Horretarako hain zuzen ere sortu zuten “Proyecto Reviver” delakoa. Baina egitasmoa bertan behera geratu zen eta hiriaren alde zaharra erdibidean geratu da, ez aurrera, ez atzera.

Alde zaharretik apur bat aldentzean Amazoniako eta Brasilgo ipar-ekialdeko hiri handi guztietan ikus daitekeen panorama tipikoa aurki daiteke. Pertsonak, inurriak bailiran arropa, janaria eta produktu elektronikoak saltzen dituzten postuen artean dabiltza, presarik gabe, beroak lapurtu baitie dena. Irakurtzen jarraitu

Gabonak hondartzan eta 40 gradutan

Nire beherakoa berehala desagertu zen (entrenatuta nago jada) baina Eugek ia astebete pasa zuen gaixorik, ohean, eta ezin izan genuen gauza handirik egin.

Alter do Chao paradisuari ateratako argazkia dirudi. Tapajos eta Amazonas ibaiak elkartzen diren puntuan hare zuriko hondartzak sortzen dira eta asteburuetan Benidormen antza apur bat hartzen duen arren, astean zehar oso jende gutxi egoten da eta lasai asko ibil daiteke hondartza batetik bestera, laku batetik bestera, caipirinha batetik bestera…

Gabon gauean pizza zati batzuekin konformatu behar izan nuen. Gurasoei deitu eta izeko-osabekin afaltzen ari ziren, Arangoitiko txokoan. Janariaz hitzik ez esateko agindu nien. Azkenaldian gero eta sarriago gogoratzen dut, malenkonia puntu batez, amaren janari gozoa. Brasilgo gastronomia anitzagoa bada ere, merke jaten dugunontzat spaghetti, frijol, eta arroz zuriz egindako platera, “prato feito” delakoa, baino ez dute. Beste guztia oso garestia da.

Eskerrak sukaldedun ostatua aurkitu genuela eta gabon gauean prestatu ezin izan genuena sukaldatzeko aukera izan genuela. Tokia aparta zen. Hondartza lasai batetik hiru minutura, herriko plazatik bost kuadrara eta hamaka eskegitzeko tokiz josita. Lorategiko zuhaitz altuetan kolore ezberdineko iguanek eguzkiaren berotan, deslai; eta sukaldea estaltzen zuen etxolaren sabaian saguzar familia bat buruz behera, ilargiaren zain.

Gabon zaharrean sekulako banketea prestatu genuen Madrilgo lagunekin. Entrekota, txorizo brasileiroa eta patata egosiak parrillan, entsalada eta postrerako… nire cheesecake famatuetako bat. Michelek capirinha batzuk egin zizkigun eta 23:45erako herriko plazan geunden kanpaiak noiz joko zain. Baina Brasilen ez dute kanpaiak astintzeko ohiturarik. Horren ordez, gauerdian axé eta forró kontzertu bat antolatu zuten. Jendea zuriz jantzita dantzan (nola bestela Brasilen?) agurtu zuen urte berria. Guk kanta batzuk aguantatu genituen baina ohitura ezak edo caipirinahren cachaçak neka-neka eginda utzi gintuen eta 1:30etan bainu bat hartzera joan ginen Amazonasera. Ur freskoak alkoholaren beroa baretu zigun eta ordu bietarako lo geunde, bapo janda eta lo seko! Irakurtzen jarraitu

Itxoiten

Istorio hau idazteko beste ontzi batean egon arte itxaron behar izan dut. Hala egin behar nuen, soilik ontzi batetik idatz baitnezake modu egokian (errealitateari gezurrik esan gabe) Manauseko ontzi hartan gertatutakoa. Pasadizo hartan pentsatzen hastean Negu Gorriaken “Itxoiten” kanta datorkit burura. “Amari itxoiten, aitak besoetan har nazan, lehen eskola egunari…” beti itxoiten. Bidaiatzea itxoitea da, eta itxaron nahi ez duenak beti dauka ordaintzea, baina besteok… “izorra hadi!”

Cristo Rei-ra berandu iritsi ginen. Beranduegi hamaka toki on batean eskegitzeko, hortaz, ontzia irten arte itxarotea erabaki genuen. Baina ontzia ez zen mugitzen. Irteteko ordua heldu zen, ordubete pasa, ordu bi pasa eta portuan jarraitzen genuen. Motorrak matxura omen zuen eta pieza bat aldatu behar zutela esan zigun Flamengoren elastikoa zeraman eta irribarrea aurpegia bezain borobila zuen lodikote batek. “Pieza aldatu eta berehala abiatuko gara”. “Los caraios”, pentsatu nuen nik, baita ondo pentsatu ere.

Ontziak 286 lagunentzako lekua zuen, teorian, praktikan ia 400 baikinen han sartuta geundenak. Poliziak ez zigula abiatzeko baimenik emango pentsatu nuen nik, irten aurretik kontrol txiki bat egin ohi dutelako, baina oker nenbilen. Diru freskoak dena konpon dezake.

Janaria ordaindu beharra zegoen, ez zegoen ur edangarririk eta komunetan sartzeko ausardia handia behar zen, handiegia. Azkenean mugitu ginen, 10 ordu berandu baina tira, bada zerbait. Hamaketan etzan eta lo seko geratu ginenean ontzia alde batera eta bestera danbaka hasi zen. Esnatu eta begiak ireki nituen. Ezkerrekoarekin geldi-geldirik geundela ikusi nuen, eskumakoarekin, berriz, beldur aurpegiak. Jendea, txalekoak jantzita, ontzia urpera zitekeela esaten hasi zen. Ez nien kasurik egin. Lo egiten saiatu nintzen, esnatzerakoan arazoa konponduta egongo zelakoan. Bai zera! “Iban, Iban, despierta” – esnatu ninduen Michelek. “Mira, mira!” Begiratu eta oihanetik 10 metro eskasera geunden. Ontzi txiki batek atoian eraman gintuen portura. Berriz ere portu madarikatu hartan.

Goizaldean heldu ginen, goizeko 5etan. Beste ontzi bat ekarri arte itxaron behar genuela esan zigun potolo flamengistak. Laster heldu ziren lehenengo bronkak eta eztabaidak. Zenbait bidaiarik dirua itzul ziezaietela nahi zuten baina kapitainak portura iristean diru guztia hartu eta hantxe utzi gintuen, kaka eginda zegoen ontzi hartan sartuta eta Santaremera iristerik izango genuen jakin gabe.

Polizia etorri zen, baita militarrak ere, baina han inork ez zigun ezer argitzen. Ordu batzuetan beste ontzi batera eramango gintuztela esaten hasi ziren, baina han ez zen ezer aldatzen. Gabon gaua ontzian pasako genuela pentsatzera heldu ginen une batez.

Arratsaldean kapitaina eta potoloa agertu ziren eta harrituta utzi gintuen inortxok ere ostia pare bat eman ez izanak. Dena konponduta zegoela esan ziguten.

Ordubete geroago Almirante Azevedo ontzia heldu zen. Hobea zen, baina txikiagoa. Hurbildu eta abordaia hasi zen. Ontzi batetik bestera pasatzeko pasarela jarri aurretik salto egin genuen eta bigarren pisura igo ginen korrika, hamaka toki on batean eskegitzeko esperantzaz. Laster batean hamakaz inguratuta geunden, aurreko ontzian baino estuago. Mundu guztia garai berean bidaitzen ari zen Gabonetan familia eta lagunekin egoteko eta ontzi guztiak gainezka zeuden. Gehienezko edukiera gainditzen zuten eta zenbait kasutan ia bikoizten ere.

Gauean bai, gauean abiatu ginen, behingoz. Pozarren geunden, ezin genuen sinetsi. Gau bateko bidaia izan behar zuena lau eguneko zeharkaldi agonikoa izan zen azkenean, eta denbora gehiena portuan itxoiten eman genuen. Itxoiten…

Santaremen autobus bat hartu genuen Alter do Chao izeneko leku batera. Hondartza itzelak dituen herri txiki eta lasaia izanik Gabonak bertan pasatzea erabaki genuen, baina, egia esan, Olentzerok beherako eder bat ekarri zigun opari eta ezin izan genuen ezer ospatu.

Negu Gorriak – ‘Itxoiten’ (4:23)

Irakurtzen jarraitu

Manaus edo Tropikoko Harribitxiaren hondarrak

Iquitosetik Santa Rosara heltzeko hiru egun eta bi gau eman genituen. Peruarren lotsa ezak harritu egin gintuen berriz ere. Oraingo honetan zaborrontziak zituzten arren, hondakin guztiak ibaira jaurtitzen jarraitzen zuten etengabe. Gainera, lo egon zaitezke eta zure ondotik pasatzean hamakari kriston astindua ematen diote, berdin zaie dena, ez dute inolako hezkuntzarik erakusten.

Eskerrak barre ere egin ahal izan genuela. Bidean ontziak geldialditxo bat egin zuen Caballocochan eta Chicagoko yankee batek ontzitik jaitsi eta hankak apur bat luzatzeko aprobetxatu zuen. Ontziko gidariak, baina, aurreikusi baino arinago alde egitea erabaki zuen eta gringoa lurrean utzita. Ordu eta erdi geroago heldu zen. Txalupa txiki batean zekarten. Eskuekin keinuak egiten zituen ontziak abiadura mantsotu zezan, baina ontziak ez zuen abiadura moteldu eta jendea, bordatik begira, keinu berarekin erantzuten zion barre algaraka.

Santa Rosatik bi bide har daitezke: ibaiaren bestaldean Leticia (Kolonbia) eta Tabatinga (Brasil) daude, zubi batek bereizita. Brasilera pasa ginen Amazonasetik behera Manausera heltzeko asmoarekin, Kolonbia urte hasierarako utziaz.

Gaua Tabatingan pasa genuen eta biharamunean Voyager II ontzirako txartela lortu genuen zorte apur batekin. Zer zen hori? Ontziak jantokia zuen, ur edangarria nahi beste, telebistak, tabernatxo bat aulki eta mahaiekin, garbiagoa zen, janari hobea zuen,… eta brasildarrek errespetu gehiago erakusten zuten naturarekiko;  luxu bat aurreko ontzien aldean. Dena den, espazioa arazo latza izaten jarraitzen zuen eta hamakak bata bestearen gainean jarri behar izan genituen, motorraren ondoan.

Ontzian bikote bat ezagutu genuen. Sara eta Michele, Madrilen bizi diren zaragozar bat eta haren mutilagun italiarra. Oso jatorrak biak. Manausera heltzean gela bera konpartitu genuen laurok Manausen (eta orokorrean Brasil osoan) prezioak oso altuak iruditu zitzaizkigulako.

Manaus gauza arraro bat da. Kautxuaren sukarrak aberastasun itzela ekarri zuen orain dela mende bat eta hiriak eztanda egin zuen. Tropikoko Paris edo Tropiko harribitxia deitzera heldu ziren batzuk. Izan ere, Europatik bidalitako materialekin egindako jauregi eta eraikinak han eta hemen ikus daitezke hirian barreiatuta. Amazonas antzoki ospetsua, hiriaren sinbolo nagusia, horren adibide garbia da. Eraikina egiteko, behar izan zituzten harri, marmol eta beira guztiak Italiatik eta Frantziatik heldu ziren ontzietan eta inaugurazioan Caruso tenore handiak kontzertua eman zuen. Garai hartako oparotasunaren erakusgarria da.

Baina kautxuaren urrezko aroa amaitu zen. Merkatua Asiara eraman zuten eta Manaus, Amazonaseko hiri europarra, ahaztuta geratu zen. Egun garai hartako xarma zenbait eraikinetan baino ez da ageri, eta izan zenagatik baino oihanaren sakonean modernotasunaren alde apustu egin duen hiria izateagatik da ezaguna.

Lauzpabost egun pasa genituen hirian, ostatuan sukaldatzen eta Carrefourera paseoak egiten ontziak eragindako neke gastronomikoa gainetik kendu nahian. Beroa jasanezina da Manausen. Egunez jende gutxi dabil kaletik. Pentsa, mimo eta pailazoei aurpegiko margoa zorrotadaka jausten zitzaien.

Gabonak Santaremen igarotzea erabaki genuen, Alter do Chao izeneko toki paradisiako batean, hondartzan. Sarak eta Michelek ere asmo bera zuten eta laukote internazionalista osatu genuen bertara joateko. Txartelak erosi eta portura joan ginen ontziaren bila: Cristo Rei izena zuen egurrezko tanke zahar bat. Nabigazio lasaia izango zela pentsatu genuen, baina itxurak, Dut-en abestiak dioen moduan, faltsuak dira gehienetan, eta ondoren gertatu zitzaiguna bidaia osoko unerik txarrena izan zen. Cristoren erreinua infernu bilakatu zitzaigun. Irakurtzen jarraitu

Ur bariko ur-jauziak

Iguazu; han sentitu nuena hitz bakarrarekin definitu beharko banu, desengainua aukeratuko nuke. Beroa bilatu eta hotza aurkitu, eguzkia topatu nahi eta euria, ur-jauzi ikaragarriak espero eta txorrotada meheak jaso… laburbilduz, garai txarra aukeratu genuen hara joateko.

Iguazu panoramika

Kataratak Argentina eta Brasil arteko mugan daude, muga hirukoitza deritzon lekutik (Paraguay, Brasil eta Argentina elkartzen diren tokia) kilometro gutxira. Berez guaranien jatorrizko lurraldea da eta aspaldiko sarraskietan milaka hil zituzten arren beren kultura, hizkuntza eta ohiturei (oinutsik dabiltza euria egin arren) eutsi egiten diete oraindik ere, ahal duten neurrian.

P1150475-1Jende gehiena ur-jauziengatik doa hara, Argentinako aldera edo Brasilgora, Puerto Iguazu edo Foz do Iguaçura. Garai berean sortu ziren hiri biak baina Foz do Iguaçu modu basatian hazi da azken hamarkadetan eta bere biztanleria Puerto Iguazukoa baino hamar aldiz handiagoa da. Kataratak Iguazu ibaian daude %20 Brasilen eta gainerakoa Argentinan, hortaz, Brasilgo bisita Argentinakoa baino askoz laburragoa da, egun erdian lasai asko egiteko modukoa.

tukana1Egun sikatea sufritzen ari dira Brasilen eta, ondorioz, ur-jauzien emaria ohi baino baxuagoa da, ibaiak emariaren %20 daramala azaldu ziguten basozainek. Tokia harrigarria da, oihan tropikala, animaliak (tukanak, koatiak everywhere!!!), hezetasuna, baina nik ez nuen espero beste gozatu, gehiago espero nuen. Dena den, ez dezala inork pentsa hara joatea ez duela merezi, ezta gutxiago ere,… aurreikuspenak labur geratu ziren, besterik ez.P1150737

La garganta del diablo delako tokia bai, hori pilo bat gustatu zitzaidan, arroilatik behera doan ur kopuru izugarriak egiten duen zarata la ostia da eta haizeak gorantza daraman urak blai-blai eginda uzten zaitu euritakorik edo txubaskerorik eraman ezean.

P1150675Han egonda egin daitekeen beste gauza bat: Paraguayra pasa eta punta-puntako material elektronikoa merke-merke erosi (guk ez genuen aukera pasatzen utzi). Argazki makinak, ordenagailuak, bideokamarak, iPod-ak, pendrive-ak… deneeeeetarik dute Ciudad del Esten. Hori bai, tokia ezagutzen duen norbaitekin joan beharra dago, bestela edozer gauza lor daiteke bilatzen denaren ordez.

P1150858Paraguayko bigarren hiririk handiena da eta egia esan, bigarren hiririk handiena horrelakoa bada, ez dut pentsatu nahi nolakoak izango diren besteak… hori da hori kaosa eta jende mordoa. Goizeko hamaiketan kaleak leporaino eta Brasiletik Paraguayra sartzeko zubia kolapsatuta. Herrialdea soilik sal-erosketatik sustengatzen dela dirudi, Ekialde Hurbileko eta Asiako herrialde asko lez.