Napo ibaitik Amazonasera (II): okerretik okerragora

El Cocan hasitako bide latzari jarraituta, Nuevo Rocafuertek besarkada bero batekin hartu gintuen, itotzeraino estutzen duen horietakoa. Perura pasatzeak 50 dolar kostatzen zitzaigun. 50 dolar ordu bateko nabigazioa egiteagatik? Hauek jota daude! Ez dagoenez beste biderik muga zeharkatzeko, nahi duten prezioa ezarri dute kabroi horiek. Berehala konturatu ginen geratzen zitzaizkigun 85 dolarrekin ez genuela gauza handirik egingo. Quilotoakoa arazotxo bat baino ez zen honen aldean.

Bi aukera genituen: El Cocara bueltatu (12 ordu), dirua atera eta beste bi egun itxaron Nuevo Rocafuertera itzultzeko edo gure gorputzak saldu Iquitosera heltzeko txartelaren truke. Erdiko bidea hautatu genuen. Bagenekien hurrengo egunean Iquitosera heltzeko txalupa ordainduta zuen italiar bat heltzekoa zela eta gure esperantza guztiak beregan jarri genituen itsu-itsuan. Ez guk bakarrik, jatekorik ere ez zuten bi hippie gure egoera berean zeuden.

Gau hartan ez genuen afaldu eta hurrengo egunean ez genuen jan, dolar bakoitzak Iquitosera apur bat gehiago hurbiltzeko balioko zitzaigulakoan.

Italiarra (Tarzanen itxura eta sota de bastosen orrazkera zuen 60 urteko erraldoia) heldu zenean hasi zen showa. Zirudienez, tipoak ez zuen arazorik gu Santa Clotildera (bide erdian) eramateko 150 dolarren truke. 100 berarentzat lirateke eta gainerako 50ak Peruko lehen herrira (Puerto Pantoja) eramango gintuen txalupa ordaintzeko.

Aitzitik, putaseme horrek doan eraman behar zituen artisauez mozorrotutako bizizale biak. Hau da, eurek, diru barik, Iquitosera heldu behar ziren zentimo zikin bat gastatu gabe, baina guri 100 $ kobratu nahi zizkigun (eta 75 $ baino ez genituen) bide erdiraino eramateagatik. Eta hori gutxi balitz gomendio paternalistak ematen zizkigun: “Ni zuen egoeran banengo El Cocara itzuliko nintzateke diru bila eta berriz saiatu”. Argi zegoen, tipoak ez gintuen gogoko ez genuelako barrerik egiten bere txiste txarrekin eta ez geniolako koiperik ematen. Besteek, bai.

Oso txarto sentitu ginen, erabat diskriminatuta, eskaleak lez ez bidaiatzearren. Ez genuen arazorik beste biekin, baina zergatik eurek doan eta guk (dirua izanda) ez?

Bufoietako bat boliviarra zen. 31 urte zituen baina harrotasunez zioen 15 zeramatzala Hego Amerika osotik bidaiatzen eta kontinenteari buruz inor baino gehiago zekiela pentsatzen zuen. Baina egia esan, artisautza saltzen lortzen zuen diru apurra alkoholean eta marihuanan xahutzen zuen bitartean janari eske ibiltzen zen zerri nazkagarria zen. Gainera, egun osoa ematen zuen txortan egindako neska atzerritarrei buruz berbetan eta bere gizontasuna goratzen. Bestea Ambatoko ekuadortar bat zen, 20 urte ingurukoa eta oso pertsonalitate gutxikoa. Semaforoetan malabareak egiten irabazitakoari esker bizi zen eta boliviarraren atzetik zebilen itzala bezala, eredu bat ikusten zuen boliviarrarengan. Tristeak ziren, oso tristeak. Tristeak bai, baina doan joan behar zuten Iquitoseraino eta gu izorratuta geunden.

Erabaki bat hartzeko unea heldu zen. Puerto Pantojara joan eta han beste ontzi bat lortzen saiatzen ginen edo El Cocara itzuli eta Iquitosera Ekuadortik heltzeko ideiari agur esaten genion. Eskerrak txaluparen jabeak Pantojatik 3 ordura ibaian behera beste ontzi handi bat zegoela esan zigula. Elkarri begiratu eta esan genuen: “aurrera!!”.

Gau hartan jaia antolatu zuten herriko eskolan. Nuevo Rocafuerten 400 biztanle bizi dira eta eskola eta ospitalea dira gauzarik aipagarrienak. Apaiz euskaldun bat ere bertan bizi dela esan ziguten, baina ez genuen sekula ikusi. Agian gure moduan heldu zen bertara eta geroztik handik atera ezinik egon da. Hippieak mozkor heldu ziren ostatura, diru barik baina mozkor. Gutaz barre egiten zutela entzun genuen, eurek bidaiatzeko aukera zutelako eta guk ez. Nagusiena hain zegoen edanda ezen pixa egin zuen gelako hormaren kontra.

Goizean ez ziren esnatu; gu, bai. Italiarra bufoirik gabe zegoen, baina ohetik altxatu zituen; guri ez zigun hitzik egin. Zorritsuak ontzira heldu ziren eta Puerto Pantojara alde egin genuen. Hara heldu eta motxila eta pasaportea ostatuan ahaztuta utzi zuela konturatu zen hippie zaharrena. Poztu egin ginen baina gure pozak hamar minutu iraun zuen. Italiarrak harritu egin gintuen beste behin ere. Patrikatik 50 dolar atera eta Nuevo Rocafuertera joan eta itzultzeko txalupa ordaindu zion. Miserablea.

Bitartean, Euge eta biok, pasaportean Peruko zigilua jarrita, esaten genuen: “para atras, ni para coger impulso”. Berak 3 litro ur lortu zituen eta nik mamei izeneko zuhaitz batetik fruitu batzuk. Bi egunetan jan nuen gauza bakarra.

Txalupako gidariak Santa Mariara eraman gintuen beste ontzitxo bat lotu zuen geratzen zitzaigun diruaren truke (nik, badaezpada, 10 $ gorde nituen, larrialdietarako). Zorterik txarrena opa genion italiarrari (aurretik hitz batzuk izan genituen gauzak argitzeko) eta berriz ibairatu ginen gure sufrimendua une hartan amaituko zela pentsatuz… baina ez… (jarraituko du).

Irakurtzen jarraitu

Napo ibaitik Amazonasera (I): oinazearen bidea

Norbaitek  galdetuko balit  zein herrialdetan topatu dudan jenderik atseginentan, jatorrena, asko pentsatu beharko nuke erantzuna. Ostera, galdera kontrakoa izango balitz, hau da, jenderik zakarrena non topatu dudan, erantzunak ez du zalantzarik: Ekuadorren… eta Peruko iparraldean. Iparraldeko peruarrak nahiko desatseginak iruditu zitzaizkidan baina ekuadortarrak, txapeldun.

Quitotik oihanera alde egin genuen, behingoz. El Cocara joan ginen, Francisco de Orellana probintzian. Gure asmoa ez zen makala: Napo ibaitik Ekuador eta peru arteko muga zeharkatu eta Amazonasetik Iquitosera (Peruko amazonia) heldu. Artean ez genekien bide hori ez zela pentsatzen genuen bezain zaila, askoz zailagoa zen. Gainera Iquitosera heltzen diren bide konbentzionaletatik kanpo merkeagoa izan zitekeela azaldu zidan behin txiletar batek baina guri garestiagoa iruditu zitzaigun, garestia, luzea, nekagarria eta nazkagarria.

El Cocan bi egun eman genituen Nuevo Rocafuerte (Ekuadorko azken herria) eraman behar gintuen txaluparen zain. Hori zen hori bero sapa. Astuna, itsaskorra eta loarazlea. Gosea kentzen duen horretakoa. Egun osoa izerditan ematen genuen, haizagailuari itsatsita. Goiz batean Loretora joan ginen, handik ordubetera dagoen herritxo batera. Bertan freskatzeko aukera izan genuen El Cocan Napo ibaia zikinegi baitago bainatzeko baina Loretotik beste ibai txikiago eta garbiago bat pasatzen da. Herriko ume guztiak eskolatik irteten ari ziren orduan heldu ginen errekara eta hantxe zeuden denak, eskolako uniformea jantzita uretan jolasean. Dzanga, zapata eta guzti. Batzuk zuhaitzetara igota tximinoak ziruditen. Noizean behin guri begira geratzen ziren eta barrez lehertzen. Bisitari arraroak omen ginen (beste behin ere).

El Cocara itzuli eta biharamunean txalupara heldu ginen 7:30an. Berandu heldu ginen eta ontzia leporaino zegoen, keinu zatardun aurpegiz beteta. Gainera, erdiko partean hozkailuak, jatekoak, edariak, oiloak, txakur bat, hippie pare bat eta salbamendu-jakaren azpian nire zain zegoen tarantula bat zeuden ontzitxoan.

Bidaia sekulako tormentua izan zen. Teorian 12 orduko ibilbidea izan behar zuen, baina 14ra luzatu zen. Eugek lanak izan zituen eserleku txiki bat lortzeko. Nik ez nuen zorterik izan, hiru orduz zutik joatera kondenatu ninduten kabroi horiek. Bat-batean tipo bati bonbilla piztu zitzaion. Motxila bat lurrera bota eta niretzat tokia egitea otu zitzaion, eskerrak eruditoari.

Fantasmak ginen eurentzat. Inork ez zigun hitzik egiten eta batzuetan gutaz barre egiten zuten. Egun osoa edan eta edan pasa zuten gizonek, “trago” (horrela deitzen diote eurek kaina likorerari) tragoxkak edaten. Soilik amaieran, etilismorik zikinenean sartuta zeudela, ausartu ziren gringoekin hitz egiten ostatua eskaini eta gure kontura diru apur bat lortzeko. Gauez heldu ginen Nuevo Rocafuertera eta gure kalbarioa bertan amaituko zela pentsatu genuen… baina hasi baino ez zen egin. Inuzenteak gu! Irakurtzen jarraitu

Heldu gara… eta Quito!

Hiri handia da Quito, handia eta ezohikoa. Kontraste askodun hiria da. Goizean kaleak bor-borka egoten dira eta arratsaldeko seietarako, eguzkia sartzen denerako, mundu guztiak etxera alde egiten du. Egun batean gaueko bederatzietan zerbait afaltzera irtetera nindoala ostatuko langileak ohartarazi zidan: “nora zoaz orain, kontuz ibili gero! Orain sprayak erabiltzen dituzte jendea loarazi eta dena lapurtzeko”. Buelta bat eman nuen hala ere, baina laburra, kar kar.

Segurtasun apur bat bilatzen duenak ez du hiriko alde zaharrean ostaturik bilatzen, Mariscal auzora jotzen du horretarako. Alde zaharra oso interesantea da. Plaza Grande, Santo Domingo, San Francisco eta La Merced plazek alde historikoa egituratzen dute eta eta La Ronda kaleak (ez nahastu Erronda kalearekin) ukitu elegantea ematen dio inguruari. Hego Amerika osoan hoberen kontserbatutako erdigune historikoa dela diote zenbaitek.

Mariscal auzoa turisten gunea da. Turistena eta parrandarena, eta ostatu gehienak auzo horretan daude. Janaria eta tragoak europar prezioetan daude toki guztietan. Bueno, guztietan ez, guk “Las Menestras” izeneko jatetxe umil batean egiten genituen otordu guztiak. Menua ez da oso anitza (arroza indabak edo dilistak eta arraina edo haragia), baina merkea (2 dolar) eta gozoa da, batez ere indabak.

Gauez giroa egoten da ia egunero Foch plazan. Gazte asko ibiltzen dira kaletik buiaka. Trago batzuk (bi trago hartu eta ohera. Zahartzen hasia naiz) hartzera irten ginen eta ekuadortarren parranda ohiturekin apur bat flipatu genuen. Diskotetan bikoteka (neska eta mutila, noski) egiten dute  dantza eta badirudi bikoterik gabe ez dagoela dantza egiterik.

Pasa gaitezen gauza ludikoagoetara. Hiri handi guztietan bezala, Quiton ere museoak daude. Egia da ez naizela batere museozalea, aspergarriak iruditzen zaizkit, baina Oswaldo Guayasaminen margolan bat ikusi nuen lehen aldian ezberdina iruditu zitzaidan. Bere espresibitateak sentsazio kontrajarriak eragiten dizkit.Gehien gustuko dudan margolaria da eta Iratxon “La ternura” izeneko margoa ikusten nuen bakoitzean autore arraro horri buruz gehiago jakiteko gogoa pizten zitzaidan.

Museoan bere kuadrorik inportanteenak ikus daitezke. Lekua bere jatorrizko etxearen ondoan eraikitako kapera bat da, erlijiotasunik gabeko kapera, Guayasaminek berak diseinatua. Nik Arantzazuko santutegiaren antza hartu nion. Guayasamini buruz diote zapalkuntza ororen aurka agertu zela eta munduko iraultza askorekin bat egin zuela (Fidel Castroren laguna izan zen) baina nire iritzia apur bat aldatu zen Juan Carlos borboiari eginiko erretratua ikusi nuenean.

Bestalde, Quitoko hiribarruko garraio sistema publikoak asko harritu gintuen. Trolebusa, ecovia, autobusak, denak berriak, garbiak eta eraginkorrak. Trolebusera igotzean Europako edozein hiritan zaudela ematen du.

Interesantea da Quito, bizidun hiria da. Txoko guztiek dute bere xarma, baina xarma hori aurkitzea ez da erraza, bilatu beharra dago, eta leku txiki horiek osatzen duten amaraunak ematen dio hiriari bere benetako nortasuna, bere izaera bizia. Irakurtzen jarraitu

Zailtasun ekonomikoak Quilotoan

Agur Baños, Quilotoara goaz. Quilotoa herri txikitxo bat da izen bereko sumendiaren ondoan, Riobambatik iparmendebaldera. Sumendiak 4.000 metroko altuera dauka eta Latacungatik, Cotopaxi Parke Nazionaletik gertuen dagoen hiria, bi ordura dago autobusez. Kraterrean ur berdeko urmael berezi bat dago. Kolorea mineral kopuru handiak ematen dio eta arrazoi beragatik ez da animalirik bizi bertan.

Quilotoan heldu ziren gure lehen zailtasun ekonomikoak (geroztik gehiago izan ditugu). Zumbahuara heldu ginen eta hantxe, sumenditik ordu erdira, jabetu ginen ez genuela diru nahikorik gaua pasatzeko, sarrera ordaintzeko eta Latacungara itzultzeko. Kutxazainik hurbilena Latacungan zegoen eta gauez ez zen urmaela ikusten, beraz argitu arte itxaron behar genuen. Eta gauez kriston hotza egiten du kalean geratzeko. Zer egin? Negoziatu, beti bezala. Bizitza negoziatzea da eta bidaiatzen asko ikasten da horri buruz.

Quilotoara eraman gintuen gidariari egoera azaldu eta beherapen txiki bat egin zigun bere tarifa garestian; sarreran ere gutxiago kobratu ziguten; eta Ernestok, furgonetan ezagutu genuen tipoak, ostatua, afaria eta hurrengo goizeko gosaria eskaini zigun geratzen zitzaigun diru apurragatik.

Goizean kraterrera jaitsi ginen. Ez zen zaila izan. Igoera, aldiz, amaitezina. Eugeren ohitura faltak eta altiplanoko oxigeno eskasiak bi minuturo geldiarazten gintuen. 10:30 ziren eta eguneko autobus bakarra (azken 4 dolarrak tiketak ordaintzeko gordeak neuzkan) 12:00etan pasa behar zen. Urduritzen hasia nintzen. No problem, 300 metroko igoera ordu eta erdian egin genuen azkenean (ez da hain marka txarra!!), agur esan genien Ernesto eta bere emazte Inesi (sukaldari ona gure Ines) eta autobusera igo ginen berriz Latacungara itzultzeko. Irakurtzen jarraitu

Chimborazoren eguzkitik Tungurahuaren bainuetara

Aurrekoan David eta Nakorrekin Riobambatik pasa nintzenean asko gustatu zitzaizkidan ikusitako paraje eta herri xelebreak. Bigarren aldi honetan, baina, hiria benetan hobeto ezagutu nuela esan dezaket. Horregatik, hain zuzen, ez daukat gauza handirik kontatzeko.

Hala ere, goitik behera ibili genuen Riobamba eta itzuli ederra eman genion Colta lakuari. Chimborazok egun ederra (eta oso beroa) oparitu zigun eta Santiago de Quitoko eta inguruko komunitateetako bazterrak ezagutu genituen. Eguzkiak gogotik jotzen zuen eta erre egin ginen (“kiskali” esango luke argentinarrak), baina argazki politak ateratzeko aukera izan genuen.

Santiago de Quiton Maria Gomez ezagutu genuen. Oso zaharra zirudien, aurpegian zimurrak adina urte zituela ondorioztatu genuen, ez baikinen ausartu galdera indiskreturik egiten. Bizkarrean, lepotik helduta, zeraman fardela astuna ote zen galdetu genion. Ezetz esan zigun berak, txikitatik zeramala eta ohituta zegoela. “Zuen herrian ez al duzue ba zamarik eramaten?” galdetu zigun harriduraz. Zenbait umek eskolara eraman behar izaten duten liburu mordoa ere pisutsua izan behar duela pentsatu nuen orduan, baina ez nion ezer esan.

Riobambara bueltan Calpitik pasa ginen, herriko eliza neoklasiko bitxia ikustera. Calpiren tamaina txikia ikusita ulergaitza da bertan horren tenplu handia eraiki izana. Riobambatik ordu eta erdi ekialdera Baños de Agua Santa dago, Tungurahuaren azpi azpian altxatutako herria.

“Kirol extremoen” Disneyland baten traza hartu genion guk atseden leku batena baino. Oso turistikoa, gringoz leporaino eta garestia. Tokia, jatorriz, sumendiaren erraietatik lurrazalera isurtzen diren ur termalengatik da ezaguna. Diotenez, ur horrek gaitasun sendagarriak dauzka. Guk ezin izan genuen datu hori egiaztatu baina urak ederto gozatu genituen gauez zein egunez.

Kirol eskaintza zabalaren artean rafting egitea aukeratu genuen. Hobe herrian geldi izan bagina!! Gure taldea alemaniar aspergarri eta arritmikoz osatua zegoen. Irrifar egin dezaten ordaindu behar diezun horietakoa. Baina panorama patetikoena  arraun egiterakoan heldu zen. Patetikoa ere gida. Uneoro txiste txarrak egiten dituen horietakoa. Halako batean, “graziosoarena” egiten saiatu eta gure txalupa iraultzear egon zen. Euge uretara erori eta litro t’erdi ur edan zuen. Gaixoa. Susto handia hartu genuen guztiok eta gidariari tonto aurpegia geratu zitzaion egun osorako.

Beste egun batean Bellavistako behatokira igo ginen Tungurahua gertuagotik ikusteko. Berandu egin zitzaigun eta komeriak izan genituen berriz herrira jaisteko eguzkia sartu orduko argia eten baitzuten. Tungurahuak 2006an izan zuen azken erupzioa. Bañosek erupzio ugari jasan izan ditu bere historia laburrean eta sinestezina badirudi ere, denborarekin, mendiaren magalean babesleku ezin hobea aurkitu du. Azken erupzioan, esaterako, herrian ez zen kalte handirik egon. Handik 50 kilometro baino gehiagora (Riobamban eta Ambaton adibidez), berriz, etxeak eta kaleak errauts geruza lodi batez estalita geratu ziren. Pena 2006an bertan egon ez izana.

Irakurtzen jarraitu

Itzalaldiak Cuencan

Iparrerantz egiten jarraitzen dugu, Cuencako hiri zaharrera. Hiriak oso toki garrantzitsua izan du gaur egungo Ekuadorren bilakaera historikoan, Cuenca izan baitzen, Cuscoren atzetik, Inken inperio osoaren bigarren gune inportanteena. Egun Hegoamerika osoko hiririk xarmangarrienetakoa denaren inguruetan Tomebamba altxatu zuten, Tupac Yupanqui inkaren oinordekoen bizilekua Tahuantinsuyoaren iparraldean.

Hiri atsegina da, herrixka txikiek izan ohi duten nekazal kutsudun aurkikuntza atsegina. Bere arkitektura zuzen eta eleganteak (Katedral Berria orain arte ikusi dudan eraikinik bikainenetakoa da) eta merkatu batetik bestera oiloak, ahuntza eta ahateak daramatzaten txolitek (jatorrizko janzkera daramaten emakumeak) irudi kuriosoa osatzen dute.

Zorte ona izan genuen ostatua aukeratzerakoan, hiriko merkeenetakoa izateaz gain, balkoiak eta gure gelako leihoak Katedralaren panoramika paregabea eskaintzen baitzigun. Perfekzio milimetrikoz lerrokatutako kaleetatik ibili ginen. Izen bitxidun kaleak: Benigno Malo, Gran Colombia, Calle Larga, Hermano Miguel; Ekuadorreko zine independentea ikustera joan ginen (“Cuando me tocara a mi” filma, nahiko ona); Banku Zentraleko Museoa bisitatu genuen (ez naiz oso museozalea baina onartu beharra daukat interesantea izan zela); eta izozkiak jan genituen ilunpetan, Cuencan jabetu baikinen benetan herrialdeak elektrizitatearekin duen arazoaz.

Lehorte latza jasaten ari dira aurten Ekuadorren, herrialdeko mendebaldean batez ere. Larreak sikatu egin dira, animaliak hil eta urtegiak hustu. Hortaz, zentral hidroelektrikoak ez dira gai fluxu elektrikoa herritar guztiei helarazteko. Egoera honen aurrean, Gobernuak 3 edo 4 orduko etenaldiak egitea erabaki du herrialde osoan, modu aleatorioan. Ondorioz, toki askotan motor elektrogenoak erabiltzera behartuak daude argia sortzeko eta zenbait kasutan zail samarra izaten da jatetxeetan afaltzea edo kafe soil bat lortzea.

Argia joan eta argia etorri guk gureari ekitea pentsatu genuen eta Riobambarako txartela erosi genuen autobus geltokian. Baina Cuencak azken hitza esan nahi zuen artean eta ezusteko txar bat eman zion Eugeri. Heldu zenetik lapurren atzapar maltzurretatik urrun mantentzeko gomendioak ematen aritu da, amen gisara. Baina lapurrek ez dute bereizketarik egiten. Une batez despistatu… eta agur poltsoari, putaseme batek bere ondotik eraman zuen. Barruan, 50 dolar eta bi liburu. Ez da gauza asko baina tonto aurpegia ez dizu inork kentzen. Tira, zuhurragoak izango gara aurrerantzean.

Irakurtzen jarraitu

Bizitza-luzekoen bailara

Atzean gelditu dira sorgindutako uharteak, buelta benetako Ekuadorrera, titular sentsazionalisten Ekuadorrera, korrupzioa eta delinkuentzia errutina duten hiri handien Ekuadorrera, baina baita mendizerrako lasaitasunaren eta bizitza errazaren Ekuadorrera.

Kabroi hauen bien konpainia haize bolada freskoa izan da nire ibilbidean, atseden abusutar bat zoramen hegoamerikarra apur bat ahazteko. Baina bakardadeak ez du gehiegi iraun. Buenos Aireseko egunerokotasunaz nazkatuta, motxila hartu eta nirekin denboralditxo batez bidaiatzea erabaki du Eugek. Pazientziak (bereak, noski) kitto esan arte. Denborak esango digu aguantatzen nauen edo Amazonasen itota amaitzen dudan.

Peruko iparraldean elkartu ostean astebete pasa genuen hondartzan ‘asaltoarena’ gertatu zitzaidan toki berean (Mancora) eta handik Quitorako bidea hartu genuen, kamara lapurtu zidaten tokitik pasata (ikusten duzuenez masokismo puntu bat ere badut), Vilcabambara heltzeko.

Tokia Lojatik oso gertu dagoen herritxo bat da, “bizitza-luzekoen” bailaran. Lauzpabost kale labur ditu lorategidun plaza txiki baten inguruan. Beste leku askotan bezala, herrian bertan ez dago gauza handirik ez egiteko ez ikusteko, baina inguruetan bai, ez oso urrun, handik 3 bat kilometrora ur-jauziak, jatorrizko herritarren komunitateak eta Podocarpus baso erraldoi bat dago, munduan geratzen diren azkenetakoa eta handienetakoa. Podocarpusak enbor lodiko zuhaitz amaigabeak dira. Basoa zabala da, egunak behar dira oinez osorik zeharkatzeko.

Baina paraje eder horietatik haratago, Vilcabambak xarma misteriotsu bat dauka. Bailarak eragin “gaztetzailea” omen dauka biztanleengan asko baitira 100 urtetik gora bizitzera iritsi diren lagunak. Are gehiago, zenbait kasutan 115 urte betetzera heldu izan dira batzuk.

Berezitasun horrek, edo akaso bertan senti daitekeen bakea, hamaika herrialdetatik heldutako hippieak (artisauak, diote eurek) herriko plazan pilatzen dira egunero turistei beren lanak saltzeko.

Asteburua han pasa genuen eta zapatuan, gure harridurarako, giro polita topatu genuen plazan. Irudia patetikoa zen. Comercial Delgado izeneko dendatxoan jaia antolatu zuten, denboralditxo batez itxita egon ostean inaugurazio potente bat egin zuten (baita lortu ere!). Lokalaren atarian, hori koloreko kamiseta estuz jantzita, bi emakume gazte (edo ez hain gazte…), kunbia ezagun baten  erritmoari segika. “Mi nena, mi nena, me pide que le compre una guitarra…”, bitartean ustezko speaker batek Comercial Delgadoren produktu zoragarriei buruz ari zen, “simbolo de ahorro y calidad” zioen behin eta berriro tipoak. Bere aurrean, berriz, adin guztietako 20 bat gizon ahoa itxi ezinik, dantzariei lizunkeriaz begira. Zirudienez, aspaldi ez zen gauza interesanterik gertatzen herrian.

Guk, espektakuloa ikusita ezin izan genion trago batzuk hartzearen tentazioari eutsi eta garagardo bat konpartitu genuen espaloian eserita, jai handi horri begirik kendu gabe. Irakurtzen jarraitu