Ertamerikarako jauzia prestatzen Santa Martan

Cartagenako egun txarrak atzean uzteko Santa Martara joatea pentsatu genuen. Santa Marta ere kostaldean dago, Barranquilla pasata, Venezuelatik gertu. Hiriak ez du gauza handirik, badia handi bat eta alde zahar historiko minimoa. Bolivar hil zen tokia izanik interesgarria izango zela uste genuen, baina ez. Hirian gelditu ordez, handik 15 bat minutura dagoen arrantzale-herrixka batera joan ginen.

Tagangak ere ez du xarma handirik baina lasaia eta atsegina da, erraza da bertan astebete pasatzea ia konturatu barik. Hondartzak kristonak dira, urrundik, ze hurbiltzean zaborrez beteriko hareak nazka apur bat ematen du.

Egun batzuk pasa genituen makramearekin zoratzen eta dirua lortzeko bide alternatiboak aztertzen. Kantatzeko eta musika jotzeko ez ginen jaio, ez argentinarra, ezta ni ere, beraz, bide artistiko-espresiboa alde batera utzi behar. Lan finko bat izateko tokian bertan geratu beharra dago baina guk hitzordua genuen Managuan, hortaz, horrek ere ez zitzaigun balio. Hippismoak ere ez dit grazia handirik egiten, baina, biderik errazena iruditu zitzaigun.

Panamara heltzeko ere biderik errazena hautatu genuen. Hegazkinez joan behar genu en, hiru bideetatik emozio gutxienekoa. Gure lehen asmoa itsasoz (“belero” batean) heltzea izan zen. Kriston bidaia polita zirudien: 5 eguneko zeharkaldia, horietatik hiru San Blas uharteetan, urpeko igeriketa egiten eta Kuna indigenen herriak ezagutzen. Baina garestiegia zen (350 dolar inguru) gure patrika zulatuentzat. Bigarren aukera merkeena da, baita zailena ere Darien-go oihana zeharkatu behar delako, baina oso interesantea. Autobus eta txalupa piloa hartu behar dira bost eguneko trabesian Panamako lehen herrira iristeko eta handik (pasatzen uzten bazaituzte) hegazkin txiki batean Panama Cityra.

Hurrengorako utzi genuen; itzultzeko aitzakia ezin hobea.

Irakurtzen jarraitu

Izerdia eta antidepresiboak

Gauez egin zuen Medellin eta Cartagena arteko bidea autobusak, 12 ordutan. Terminalera iritsi eta alde zaharrera iristeko beste autobus txiki batean igo ginen. Zer zen hori!? 25 minutuko bidea ordubete pasatxoan egin genuen. Bigarrena sartzea debekatuta balu bezala ibili ginen, 10km/h-ko abiaduran 3 bat kilometro, bide bazterretako pertsona guztiei klaxona joz, igo zitezen. Gidariaren atzean gindoazen eta une batez burutik pasa zitzaidan belarrondoko bat ematea espabila zedin, baina horren ordez arnasa sakon hartu eta aire kutsatuarekin batera pazientzia apur bat irensten saiatu nintzen. Gainera, tipoak gu abisatzea ahaztu eta tour bat egin zigun debalde hiri osotik.

Cartagena bitan bereizita dago. Alde batetik alde zaharretik at dauden auzoak, kaleko merkatu erraldoia osatzen dutenak; bestetik, kolonia garaiko hiri txikia. Alde zaharrak egiten duen beroak bezain beste harritzen zaitu. Izerdi tantak kontrolatzea antzua da, aske dabiltza buruan behera, jario amaitezinean. Haize egokitua sortu zuen genioa mirestera hel zaitezke Cartagenan, baina aurrekontu xumeagoa dugunok bentiladorearekin konformatu beharra daukagu. Topera izan genuen lanean, gauez eta egunez bueltaka, aste oso batez.

Latinoamerikan ez dut sekula horrelako berorik sentitu, zin egiten dut. Egunez 40 gradutik gora erraz; gauez, 39.9 inguru, seguru. Oraindik ez dut ulertzen nola egin dezaketen lan Cartagenan, are gehiago, ez dut ulertzen nola bizi daitezkeen Cartagenan, narrastientzat edo masokistentzat eraikitako hiria dirudi. Eta kostaldean dagoen arren, penintsula batean dagoen arren, ez dago bainatzeko moduko hondartzarik, handik kilometro batzutara joan beharra dago nahitaez.

Izerdia bekokitik lehortzen ari nintzela Caja Laboralean dudan kontua Interneten begiratzea otu zitzaidan. Dena ondo. Arazoak nituen dirua ateratzeko, bankuek dirurik ez nuela esaten zidaten eta diru gutxi geratzen zitzaigun eskutan. Gurasoak bidali nituen zuzenean Euskadiko Kutxakoekin hitz egitera, kontuan arazoren bat ote zegoen jakiteko, baina ezetz esan zieten, kutxazainean barik dirua bankuan bertan ateratzen saiatzeko baino ez zitzaien okurritu gomendio gisa. Saiatu nintzen eta diru apur bat ateratzea lortu nuen. Ez nengoen batere lasai eta ostatura itzultzean Telebankako neska jatorrei deitzea pentsatu nuen. “Ezin duzula dirurik atera? Ah, baina eske txartel bakoitzarekin dagoeneko 2.600 euro atera dituzu aste honetan”, jaurti zidan Liernik, Itxasok edo Amaiak. “Nola? Aste honetan 5.200 euro atera ditudala? Hori ez da posible”, flipatuta nengoen, jota, lurperatuta. Gorputz osotik ileak tente-tente jartzen ari zitzaizkidala sentitu nuen, inoiz sentitu dudan hotzikararik mingarriena bizkarrezurrean behera irristatu zen. “Izorratuta nago, diru guztia lapurtu didate”, etorri zitzaidan burura segituan. Txartelak blokeatu orduko negarrez hasi nintzen. Bidaiarekin jarraitzeko nuen diru guztia lapurtu zidaten, bueltarako hegaldia erostekoa ere, noski. Hurrengo egunean Eugeri ere kontua hustu ziotela esan zion bere aitak. A ze parea, etxetik milaka kilometrora eta bueltatzeko modurik ez.

Zer egin? Polizia-etxe baten bila bi orduz aritu ostean salaketa jartzea lortu genuen. Ostatuan arazoa azaldu eta beherapen txiki bat lortu genuen, jatekoa razionatzen hasi ginen, plater bana eskatu beharrean bakarretik jaten hasi ginen, ura txorrotatik edaten hasi ginen, gastuak apur bat murriztea lortu genuen baina ez zen nahikoa, ez genuen Panamara heltzeko diru nahikorik eta 10 egunetan Nikaraguan elkartu behar ginen lehengusuekin. Dirurik gabe geunden Cartagenan, puteatuta.

Horrelako egoeretan bankuekiko dugun dependentzia tristeaz konturatzen zara eta kapitalismoa madarikatzen duzu, behin eta berriz, mila aldiz. Caja Laborala ere gorrotatzera heldu nintzen. Ezin nuen ulertu. Dirua, gehienez, astean behin ateratzen aritu nintzen urtebetez (kasu askotan bi edo hiru astean behin) eta bat-batean, 30 ateratze ageri ziren erreskadan, hiru egunetan jarraian. Ahoa betetzen zaie segurtasunaz hitz egitean eta ez ziren gai izan horrelako irregulartasun argia antzemateko. Popatik hartzera Mondragon Korporazio Kooperatiba, popatik ere Juanito Oiartzabal eta Andoni Agirregomezkorta, akabo euskal kooperatibismoa eta herriko aurrezki-kutxak, bezero bat galdu dute. EHra heldu bezain pronto kontua itxiko dut, damurik gabe.

Cartagena hiri ederra da baina horrelako disgustuekin ez dago disfrutatzerik, hobe argazkiak ikusten badituzue! On egin! Irakurtzen jarraitu

Chauvinismo ariketa Medellinen

28 urte bete eta hurrengo egunean Medellinen geunden. Medellini buruz ezer gutxi nekien, Pablo Escobarren droga kartel famatuak oso ospe txarra eman zion 80. hamarkadan baina egun hiri moderno eta dinamikoa da eta indarkeria ia erabat desagertu da kaleetatik.

Hiria bera ez da batere polita, ez du Bogotaren xarma, baina onartu beharra daukat oso eraikin eta toki publiko erakargarriak dituela, diseinu modernistak handik eta hemendik ageri dira. Gainera, paisen (medellindarrei hala esaten diete, paisa) izaera oso ezberdina da ere. Obsesio txiki bat dute euren hiriarekin, chauvinistak direla esatea gutxiegi da. Dena da “izugarri polita” Medellinen; eguraldia paregabea da, “Kolonbiako atseginena” (“Betiko” Udaberriaren hiria deitzen diote); jendea, “Kolonbiako jatorrena”; eta janaria “Kolonbiako gozoena”. Hizkera ere gozoa dute eta Bogotan jendea jatorra bada, paisak super jatorrak direla esan daiteke. Jatorrak eta apur bat arraroak ere. Erdigunetik oinez genbiltzala jendeak ohi baino gehiago begiratzen gintuen, lotsagabe, animali basatiak bagina bezala.

Metroa lurrazpitik joan beharrean eraikin gehienen gainetik doa, lurretik 20 bat metrora. Gora eta behera ibili ginen, Botero plazatik Suramericanara, egun bi nahikoa izan ziren linea guztiak ezagutzeko.

Medellinen geundela “la Piedra del Peñol de Guatape” izeneko toki batetik pasa ginen. Dozenaka laku txiki, bata besteari lotuta, baso berde-berdea, eta ziberespaziotik erorita bezala, 220 metroko altuera duen harritzar bat. Ez da munduko gauzarik harrigarriena baina tontorretik ikus daitezkeen bistak itzelak dira. Eguna pasatzeko aukera polita izan daiteke.

Orokorrean hiri bizia iruditu zitzaigun, baina ez gintuen Bogota bezala harrapatu. Parranda egitera doanak ez du aspertzeko astirik izango baina hortik haratago ez nuke aparteko gauzarik azpimarratuko.

Irakurtzen jarraitu

Kafe zaporedun urtebetetzea

Kolonbiara heltzean gipo politikoa bor-borka zegoela ikusi genuen laster, alde batetik Uribe narko-presidenteak bultzatutako erreforma konstituzionalaren inguruan erabakitzeko prozesua zegoen (bere burua beste behin ere presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko), eta bestetik Kongresurako hauteskunde kanpaina. Afitxak toki guztietatik, kale, horma eta errepide guztietan. Kontserbadoreak, Polo Demokratikokoak, indigenistak, U alderdikoak (Uriberen alderdia)… nahiko zaila iruditu zitzaigun.

Artean Bogotan geundela epaileek erreforma konstituzionala atzera bota eta Uriberen ametsa zapuztu zuten, beraz ezin izango da beste lau urtez errepublikako presidente izan.

Bogotatik ‘Kafearen ardatza’ delakora joan ginen. Bertan ekoizten dute nazioartean ospe izugarria duen kafea. Armenian jaitsi ginen eta handik Salento herrixkara igo ginen. Salento oso herri txikia da eta inguruetan dituen parajeek egiten dute berezi. Herritik kilometro gutxira sakabanatuta kafe-sailak daude. Zuhaixka txiki eta berde horrez zipriztindutako ehunka hektarea. Ekoizle handiek enpresa bakarrean batu ziren orain hamarkada batzuk, Kolonbiako kafearen izena munduan zabaltzeko eta irabaziak biderkatzeko: Juan Valdes marka ezaguna. Batasun horretatik kanpo geratu ziren ekoizleei oso tarte txikia utzi zien sasimonopolioak eta orain zulotik irteten ari diren arren, urte asko egon dira itzalean, esportaziorik egin ezinik.

Kafearen zikloa ezagutzeko Don Eliasen lursail txikitxora joan ginen. Don Eliasek urte mordoa darama kafea modu tradizionalean biltzen, eta metodo ekologiko eta tradizionalak baliatzen ditu prozesu osoan zehar. Asko ikasi genuen kafeaz, landareaz, garauaz, bilketaz, txigortzeaz, usainaz eta ehotzeaz, hori bai, Nataliak lanean ondo gomendatzen zidanez, ez dut kafe bat baino gehiago hartu behar egun berean, badaezpada.

Salenton nire 28. urtebetetzea heldu zen. Ez nuen espero, baina denboraren aurka ezin da gauza handirik egin eta etsipen puntu batez (eta pozarren ere) hartu nuen efemeridea. Egia esan aukeratu genuen ostatua oso berezia zen, katu batekin eta bere bi katakume jaioberriekin egiten genuen lo, denok ohe berean. Nahiko irudi bitxia topatu genuen nire urteurrenean.

Egun hartan Cocorako bailarara joan ginen. Bertako paisaia bakarra da munduan. Palmondo mehe eta luzeak toki guztietatik ikus daitezke, ordenik gabe hazi izan balira bezala, baina aldi berean oso irudi orekatua eratzen dute. Argizuri-palmondo mota hau Kolonbiako zuhaitz nazionala izendatu zuten eta laino artean egon ohi bada ere, zerua garbitzen denean espektakulua itzela da.

Irakurtzen jarraitu

Nire haginetako Bogota

Meridatik bizpahiru autobus eta auto bat hartu behar izan genituen muga zeharkatzeko. Kontrolean bi hilabete baino ez zizkidaten eman kolonbiar aduaneroek; Eugeri, hiru. Cucutan ez genuen denborarik galdu nahi eta segituan abiatu ginen autobus geltokira. Ez genekien nora joan baina Venezuelatik urrun egon nahi genuen.

Taxistak azaldu zigunez, Simon Bolivarren ametsa gauzatu izan balitz, hau da, Kolonbiak, Venezuelak, Ekuadorrek, Peruk eta Panamak herrialde bakar bat osatzea, Gran Colombia delakoa, hiribura Cucutan egongo litzateke. Baina amets amets dira beti eta Bolivarrek ezin izan zuen bere proiektu handia aurrera eraman.

Autobusak pasa eta pasa eta oso garestiak iruditzen zitzaizkigun denak. Gainera, Kolonbian oso kuriosoa da txartelak erosteko sistema. Enpresan bertan, lehiatilan, erosiz gero, kopuru bat eskatzen dizute, baina zuzenean txoferrarekin negoziatzen bada txartela askoz merkeago atera daiteke. Azkenean auto batean joatea erabaki genuen, merkeago, erosoago eta askoz entretenituago. Bidaiadeetako bat fiskaltzan lan egiten duen abokatu bat zen, oso barregarria. Gomendio piloa eman zigun berak ere nahikoa bidaiatu baitzuen bere garaian. Bost hitzeko “jueputa” bat sartzen zuen, mundiala zen tipoa. Eta hari esker militarren kontrolak (asko inguru horretan) ziztu bizian pasatzen genituen, berehala fiskaltzaren plaka ateratzen baitzuen.

Bucaramangan bi egun pasa genituen. Ez genuen ezertxo ere egin, beraz, gauza gutxi “konta” dezaket. Bogotara joan ginen eta heldu eta berehala konturatu ginen handik alde egitea dezente kostatuko zitzaigula. Batetik hiria, bestetik jendea. Hiria bizia da, gaztea, oso interesgarria arkitekturari dagokionez (eta hori oso inportantea da nire bidailagunarentzat), ikaragarria kulturalki eta ez dauka zerikusirik atzerrian duen ospe txarrarekin. Jende askori kaotiko samarra iruditzen zaio baina niri ez zait desordena apur bat axola. Jatea ere nahiko merkea da egunero menua errepikatzeko arazorik ez dugunontzat.

Eta hiritik kanpo ere toki asko daude ikusteko. Guk Zipaquirako gatzezko katedrala hautatu genuen guztietatik. Bogotatik ordubetera dago Zipaquira. Mendi magalean gatz meategi erraldoi bat dago, eta meategiaren barruan, katedral bat. Kolonbiako erakargarri turistiko nagusiena izendatu dute eta egia esan, harrigarria da han barruan, lurrazaletik 200 metrora, zulo horren sakonean, katedral bat eraiki izana.

Baina gauza horiek guztiek ez lukete interes berezirik jendearen izaera bestelakoa izango balitz. Harritzeko modukoa da zeinen jatorrak diren kolonbiarrak. Hasieran kriston plazerra zen kaletik gindoazela edozein tontokeri galdetzea. Aurpegirik gaiztoena daukanak ere sekulako “amabilidadea” erakusten du erantzuteko. Galduta zaudela pentsatzen badute berehala datoz laguntza ematera eta toki batera heltzeko zailtasunak izango dituzula pentsatzen badute, lagundu egiten zaituzte. Baina gehiegizko atsegintasunak ere “nekatu” egin zaitzake. Bai edo ez sinple batez erantzun daitezkeen galderak ere konplikatu egiten dituzte eta batzuetan azalpen erraz bat izango litzatekeena 10 minutu luzatu daiteke. Orain ondo pentsatzen ditugu gure galderak, badaezpada.

Zalantzarik gabe, Buenos Airesen atzetik hauxe litzateke denboraldi luze bat pasatzeko aukeratuko nukeen Hegoamerikako hiria. Buenos Airesen bezala Bogotan ere haginek ez zidaten pakerik ematen, sekulako mina sentitzen hasi nintzen. Nire haginlariari jaramonik egin ez izanaz damutu nintzen eta erabaki bat hartu nuen: hagin madarikatu hori behingoz ateratzea. Egun batzuk eman nituen konfidantzazko haginlari bat topatu arte. Azkenean merke egin zidan tipo jator eta profesional batek, merke eta arin, bost minutu baino ez zituen behar izan hagintzar hura ateratzeko.

La Candelaria auzoan (alde zaharra) ostatu txiki bat topatu genuen, jabeek bi hilabete zeramatzaten negozioan eta oraindik gauza asko falta zaizkion arren oso giro polita egitea lortu dute. Giro horrek pauso arriskutsu bat ematera animatu gintuen. Bost hilabete geroago parranda egitera irtetea erabaki genuen ostatuan ezagutu genituen argentinar ero batzuekin. Ondo pasa genuen baina interes ezberdinak genituen eta parrandak ez zuen gehiegi iraun; guk dantza apur bat egin nahi genuen eta argentinarrek neska kolonbiarrak nahiago zituzten (oso ulergarria!). Irakurtzen jarraitu

Izorratu gaituzte!

… baita ondo izorratu ere! Venezuelan kreditu eta debitu txartelak klonatu  eta ia 6.000 6.200 euro lapurtu dizkigute. Ez, ez nabil txantxetan. Pentsa zelako aurpegia geratu zaidan Interneten kontu korrontea begiratu eta espero baino 5.000 5.800 euro gutxiago dauzkadala ikustean.

Venezuelan behin baino ez ginen saiatu dirua ateratzen, baina nahikoa izan zen putaseme horientzat.

Medellinen geundela arazoak izan genituen behin baino gehiagotan dirua ateratzeko baina bankuarekin hitz egin, kontu korrontea egiaztatu eta dena ondo zegoela esan zidaten. Eskerrak!!! Bidaiarekin jarraitzeko genuen (Eugeri azken 400 euroak atera dizkiote) dirua lapurtu digute Caracasetik. Bi egunez gure kontuetatik dirua ateratzen ibili dira, Venezuelatik alde egin eta 20 egunera. Lur jota utzi gaitu albisteak, oso desanimatuta eta triste, litekeena da norbera bere herrira itzuli behar izatea, espero baino hilabete batzuk lehenago.

Orain itxarotea baino ez zaigu geratzen, Cartagenako (Kolonbia) polizia-etxe batean jarritako salaketa, kutxazainetako egiaztagiriak eta pasaporteko zigiluen fotokopiak (dirua atera izan dutenean gu Venezuelatik kanpo geundela ikus dezaten) Euskadiko Kutxari bidaltzea, ez besterik. Ikusiko dugu dirua betirako galdu dugun edo itzultzen diguten.

Venezuelak jipoi ederra eman digu, soziologikoa hasieran, ideologikoa gero eta ekonomikoa orain. Gorroto dut!!!

Irakurtzen jarraitu