Izenik gabeko kaleen hirian

Musikazaleek diote Bono U2 taldeko abeslariak “Where the streets have no name” kanta Managua bisitatu ostean idatzi zuela. Ez dakit hala izango den, baina egia da Managuan kaleek ez dutela izenik. Hori, halere, ez da berezitasun bakarra. Managua oso hiri arraroa da, ezohikoa zentzu guztietan.

Hiriak ez dauka erdigunerik, izan zuen, baina 1972an lurrikara bortitz batek ia osorik suntsitu zuen. Erdialdeko lagunek auzoetara joan ziren orduan eta pixkanaka auzo gehiago sortu ziren. Hiria handitu egin zen, zabalean. Auzo bat bestearen atzetik, auzo erraldoi bat sortu arte. Izan ere, zerbait izatekotan auzo handi bat da Managua, milioi eta erdiko auzoa. Etxe gehienak baxuak dira, ez dute bi solairu baino gehiago eta eraikin altu bakarrak Gobernuarenak dira. Irakurtzen jarraitu

Ez dago zelai urdinik Bluefieldsen

Managuatik bus bat hartu genuen gauez. Goizaldeko 2.30ean heldu ginen El Ramara, lorik egin barik gure hankak ozta-ozta sartzen baitziren eserlekuetan eta aurreko tokiak egokitu zitzaizkigun, beraz, gelditzen ginen bakoitzean pertsona guztiek ukitu egiten gintuzten autobusetik irteteko. Gainera, txoferrak emakume itxuradun kakatua bat zeraman ondoan eta elkarrizketa osoa irentsi behar izan genuen.

El Raman ia lau ordu itxaron behar izan genituen Bluefieldsera zihoan lehen txalupa irten arte. Han egon ginen, teilatu ziztrin baten azpian, egurrezko banku batean eserita ipurdia gogortzen. Eta kanpoan, euria barra-barra. Txalupa ez zen erosoagoa izan. Tokirik txarrenak eman zizkiguten eta blai eginda amaitu genuen, erabat bustita eta ni, hotzez hiltzear. Irakurtzen jarraitu

Apirila Managuan

1983ko kontzertu mitikoa lez, Nikaragua askapen txiki bat izan zen guretzat, gertakari tragikoen segida luzea behingoz atzean uzteko indarrak eman zizkigun bultzada. Aurretik genuen ibilbideari ekiteko adorea nahikoa ekarri zigun askapena, optimismoa berreskuratzen lagundu ziguna.

Lara eta Unairen bisita izan zen, hain zuzen ere, aldaketa horri hasiera eman ziona. Aurpegi ezagun eta maitatuak ikustea, azentu eta hitz ezagunak entzutea, janari gozoa dastatzea eta EHko albiste freskoak jasotzea une batez Bilbora, edo faltan hainbeste botatzen dudan auzo maitera, ‘teletransportatzea’ bezala izan zen. Lastima, etorrera gazi-gozo samarra izan zelako. Maletak Miamiko aireportuko bazterren batean galdu zituzten eta biharamunerarte itxaron behar izan genuen jasotzeko.

Azken kotilleoen berri elkarri eman eta gero Scarleten etxera abiatu ginen. Ez genuen ezagutzen, lagun batzuek eman ziguten haren helbidea baina gure etxean bagina bezala sentiarazi gintuen. Auto bat alokatu genuen eta herrialdea ezagutzera irten ginen, Managuan gauza gutxi baitago egiteko/ikusteko (aurrerago idatziko dut Managuari buruz). Iparraldera joan ginen hasieran, Leon aldera. Iraultza sandinistaren hiriburutzat ezagutzen da  Leon eta oso erdigune bizia dauka eta arkitekturari dagokionez interesante den arren eraikin kolonialak ez daude oso ondo zainduak. Pazifikoko hondartzak ezagutu genituen han. Elkarrizketa entretenigarriak tarteko, hare beroa eta ur-korronte bortitzak sufritu genituen. Hondartzan izan genuen ‘lehengusuen’ bisitaldiko gorabehera bakarra (taxi gidari lotsagabe batekin izan nuen eztabaida kenduta): Larari txankletaak ostu zizkioten!!!

Leonetik hegoaldera joan ginen, Granadara. Aurretik, baina, Masaya sumenditik pasa ginen krater ketsua ikustera. Keak eta sufre-emanazioek asma krisialdia eragin zidaten eta korrika jaitsi behar izan nuen autora, inhalagailuaren bila. Granada askoz zainduagoa dago eta turistak hartzeko prestatuagoa, prestatuegia, prezioei erreparatuta. Leon baino gehiago gustatu zitzaigun lauroi. Hegoalderago, Nikaragua lakuan, Ometepe uhartea dago. Concepcion eta Maderas sumendiek osatzen dute irla eta oso toki berezia da. Lauzpabost lagunekin eztabaidatu ostean (gringoentzako prezioa kobra ez ziezaguten) ferryan sartu ginen, auto eta guzti. Ometepen Santo Domingon egon ginen, sumendi bien artean geratzen den hondartza lasaian. Bitxia da laku batek izan ditzakeen olatuak.

Eta horrela, pixkanaka, konturatu barik, gallo pinto eta banana frijitu artean, eztabaida (tabakoagatik batez ere) eta barre artean (Unairen birao espontaneoengatik batez ere), lehen astea joan zitzaigun Nikaraguan…

Irakurtzen jarraitu