Panama, aitaren batean

Erdi akojonauta heldu ginen Panamako aireportu internazionalera. Cartagenan Panamatik irteteko bidai-txartela erakusteko eskatu ziguten. Bagenekien hori gerta zitekeela eta badaezpada erreserba faltsu bat egin genuen Internet bidez beste konpainia batekin (benetakoa den egiaztatzerik izan ez dezaten).

Horrez gain, hegoamerikarrei 500 dolar izatea eskatzen diete; europarrentzat nahikoa da kreditu txartel bat izatea. Baldintzok herrialdetik ibiltzeko dirua nahikoa duzula eta bertatik irteteko modua duzula frogatzea dute helburu baina erraz gainditu daitezke tranpa txikiak eginez. Guk ez genuen ez 500 dolar, ez Panamatik ateratzeko txartelik, baina gure pasaporteak ikusita (Eugek italiar pasaportearekin sartzea erabaki zuen, hegoamerikarrei traba dezente jartzen baitizkiete) ez genuen arazorik izan jubilatutako yankien paradisuan sartzeko.

Izan ere, AEBen eragina kristona da herrialde honetan. Enpresa eta transnazional estatubatuar gehienak Panaman sartuta daude, dolarra darabilte (txanponari balboa izena jarri zioten arren), ingeles hiztunak milaka zenba daitezke eta estatubatuarrak (jubilatuak gehienbat) edonon topa daitezke, askok gainera, etxea dute Panaman, kostaldean batez ere.

Baina Osaba Sam-en kutsu horrek panamatar estiloarekin nahastuta giro bitxia sortzen du, nekez topa baitgenitzake AEBetan kaleko janari saltzaileak, zapata garbitzaileak edota Deabru Gorriak, kolore biziz apaindutako autobus erraldoiak, Panama Cityko bereizgarri nagusia.

Panama garestia da Hegoamerikako herrialde gehienen aldean eta egun gutxi pasatzea erabaki genuen. Egia esan, hiria ezagutzeko gogoa nuen, ez besterik. Panamako hiria bisitatu nahi duenari hiru toki gomendatuko nizkioke: 1.- Panamako Alde Zaharra. Kolonia garaiko eraikin interesgarriak, pasealeku atsegina, Kuna indigenek (San Blas uharteetako jatorrizko bizilagunak) egindako artisautza erosteko aukera eta Panamako ‘skyline’ (etxeorratzek sortutako paisaia) famatua ikusteko toki aproposa. 2.- Panama Zaharra. Hiriko lehen kokalekua izan zenaren hondarrak bisitatu daitezke bertan. Panamako Alde Zaharrera lekualdatu baino lehenagoko garaiko eraikinen hondarrak baino ez dira geratzen. Morgan pirata ezagunaren mehatxua jaso ostean, Panamako lehenengo bizilagunek hiriari su ematea eta beste toki batera joatea erabaki zuten.3.- Panamako kanala, ingeniaritza zibilaren lorpen historiko nagusienetakoa, edo beste modu batean esanda, sekulako basakeria! Ontziak astiro astiro pasatzen ikus daitezke turistentzat eraikitako behatoki batetik. Gu milaka kontainer zeramatzan zama-ontzi erraldoi bat igarotzen ari zenean heldu ginen. Megafoniatik entzuten zen ahotsak prozesu osoa azaldu zigun, zehaztasun osoz, baita ontzi horrek kanalaren 80 kilometroak igarotzeko ordaindu behar izan zuen dirutza ere: 340.000 dolar 11 orduko nabigazioa egiteagatik, hori da diru mordoa hori!

Esan bezala, Panamako hiria baino ez genuen bisitatu, ez baikenuen ez astirik ez dirurik kostaldeko leku turistikoetara joateko baina ezagututako jende gehienak dioenez, merezi du Panaman aste pare bat geratzea.

Krisialdi ekonomikoak behartuta Costa Rica ere alboratzea erabaki genuen eta zuzenean Managuara joateko txartela erosten saiatu ginen, baina Tica Bus-eko (Ertamerika osoan zehar dabilen bus konpainia sasi-mafioso eta monopolista) enkargatuak ez zidan saldu nahi sukar horiaren aurkako txertoaren egiaztagiria erakutsi arte, eta jakina, nik ez nuen ez txertorik ez egiaztagiririk ez ezer. Eskerrak egoera hauetarako Photoshopdun lagun onak dauden… Txertoaren egiaztagiria Interneten aurkitu nuen, Carmen Robles izeneko neska batek eskegita zuen. Deskargatu, Fermineri bidali eta minutu batzuetan sukar horiaren aurkako txertoa emanda nuela esan nezakeen harro harro. (Eskerrik asko Fertxo!)

Nikaraguara heltzea nahiko konplikatu izan zen. San Josera (Costa Rica) heldu eta Nikaraguara zihoazen 20 autobusetan tokirik ez zegoela esan ziguten. Costa Rican bizi diren 700.000 nikaraguarrak aldi berean etxera itzuli nahi zutela zirudien; nikaraguar exodoa Aste Santuan. Azkenean, bost orduz itxaroten egon eta gero, leku bi lortu genituen eta Panamatik atera eta 24 ordura Managuara iristea lortu genuen, lehengusuei harrera egiteko garaiz.

Irakurtzen jarraitu

Advertisements