Euria ari du Iquitosen

Iquitoseko portura heltzean dozenaka gizonek gure ontzira salto egin zuten beste ontzi batetik. Bazter guztiak miatzen hasi ziren altxorren bat bilatzen egongo balira bezala. Eugeri eskua poltsikoan sartu zion batek eta lasaiago ibiltzeko egoera lasaitu arte ontzian bertan itxarotea erabaki genuen. Total, astebetez ontzitik ia mugitu barik egon eta gero berdin zitzaigun ordubete gehiago itxarotea.

Iquitos beste dezepzio bat izan da. Hiria handia da, oihanean galduta. Errepide bidezko loturarik gabeko hiririk handiena munduan (hori diote behintzat). Hori da bereizten duena. Hori eta ezer gutxi gehiago.

Oihaneko klima duenez, beroa itzela da eta oso hezea, eta eurite denboraldian heldu ginenez, euri-jasak egunero erortzen ziren… eta ez zaitzala kalean harrapatu.

Heldu eta bi egunera Eugeren urteguna izan zen. Argentinar erara ospatu genuen, parrillada gozo batekin, alegia. Haragia ez zen Argentinakoa bezain biguna baina tira, Perun ezin da gauza handirik espero.

Oihanean sartzea ezagutzarik gabe suizidioa da, eta ibilaldi antolatuak oso garestiak direnez, gure kontura eguneko txangoak egitea erabaki genuen. Padre Cocha eta Santo Tomas izeneko tokietara joan ginen, hiritik kilometro batzuetara. Bertan, Amazonasen ur lohietan bainatu ginen eta txalupa batean ibili ginen arraunean, ahal genuen bezala.

Santo Tomasetik bueltan gorabehera txiki bat izan genuen autobus publikoan. Lehioek ez zuten beirarik eta semaforo batean gelditu ginenean tipo batek jauzi egin eta Eugeri betaurrekoak burutik atera zizkion. Falta zitzaiguna!! Autobusetik jaitsi nintzen eta tipoaren bila abiatu nintzen korrika, txankletek uzten zidaten bezain bizkor. Iskinari buelta eman eta hantxe zegoen putakumea, fruitu saltzaile batekin berbetan, Eugeren betaurrekoak buruan jarrita, lasai baino lasaiago. Aurpegia bost zentimetrora jarri nion eta keinu motel batez betaurrekoak kendu nizkion. “Estas lentes no son tuyas cabrón!”. Buelta eman eta hantxe zetorren Euge, betaurrekoak ikustean flipatuta geratu zen.

Momentuan ez zitzaidan okurritu baina hurrengo bi egunetan malandro hari ostia pare bat eman ez izanaz damutu nintzen. Adrenalina askatu behar nuen eta aukera egokiena alde egiten utzi nuen. Kakazarra!! Perutik ahal bait arinen alde egiteko gogoa berpiztu zitzaidan. Astebete generaman herrialdean eta zegoeneko beste toki batera joan nahi nuen. Belem auzoko merkatuan (hiriko gauza interesante bakarrenetakoa) hamaka pare bat erosi eta Brasilerantz ospa egin genuen ontzi batean.

Hiria itogarri samarra izan daiteke. Bero hezea, euri bortitza, milaka motokarroen joan-etorri eroa, bizilagunen hizkera aldrebes eta ulergaitza… Peruko gainerako tokiekin alderatuz gero ezberdintasunak berehala sumatzen dira, baina oihaneko edertasunaz gozatzeko oihanera sartu behar da denboraldi batez eta bertako jendearekin bizi naturarekin eta ingurunearekin duten harreman kontraesankorra ulertzeko. Hiriaren historiaz gehiago jakiteko, berriz, oso gomendagarria da “Fitzcarraldo” filma zaharra ikustea. Irakurtzen jarraitu

Advertisements

Napo ibaitik Amazonasera (III): Txanketeren ontzia

Post hau hilabetez pilatutako zabor ustelduaren eta deskonposatu arte herdoildutako burdinaren kiratsaren artean idatzia dago. Napo ibaian zehar Iquitosetik Ekuadorko mugara doan ontzi soil bat baino gehiago da hau. Eltxoz betetako oihan madarikatu honetan bizi diren lagunekin salerosketak egiteko ontzi bat baino gehiago da hau. Errealitate berri bat da guretzat, ibaian eta ibaiari esker bizi den jendearen irudi gordina da.

Jeissawell II-ra heltzean kapitainak ongi etorria eman zigun eta libre geratzen zen kamarote (horrela deitzea ere merezi ez zuen zulo zikina) bakarrean sartu gintuen. Horrek ez zion grazia handirik egin bodegariari, bere gauzak bertan sartu nahi baitzuen, eta bere ipurdi-aurpegia egun pare batez aguantatu behar izan genuen.

Don Wellington kapitain tipikoa da. Gogortasunez tratatzen ditu banana sortak ontziaren biltokira sartzen ibiltzen diren langile gazteak eta besteek lan egiten duten bitartean bera lana ikuskatzen ibiltzen da bere aulki erosoan eserita. Arratsalde batean onartu zidanez, bi ontzi ditu eta urtero milioi bat sol (250 mila euro inguru) fakturatzen ditu. Normala iruditu zitzaidan bere langileei ordaintzen dien miseria ikusita. Halere, onartu beharra daukat, gurekin oso ondo portatu zela. Are gehiago, txartela Iquitosen bertan oraindu genion ez baikenuen dirurik bidaiatzeko.

Kontramaisua, Richard izena zuen baina denek Pucallpa (Peruko oihaneko herri baten izena) esaten zioten gazte bat zen. Gurekin oso ondo moldatu zen hasieratik eta banana (30eko sorta bat sol bategatik, hau da, 25 zentimo euro) edo papaia erosteko aukera zegoenean abisatu egiten gintuen.

Merkataria Mendoza zen eta haren emaztea, Leo, bodegaria. Gizonak merke erosten zituen banana berde, kakahuete eta arto zakuak eta prezio hirukoitzan saltzen zituen hirian. Banana berde sorta (50 bat banana) 3 soletan erosten zuen eta 8tan saldu. Emakumea ontziko dendaz arduratzen zen. Ontzia gelditzen zenean komunitateetako gizon-emakumeei arropak, freskagarriak, ogia, tabakoa eta alkohola saltzen zien. Askok janaria baino alkohola nahiago zuten eta seme-alabetaz ahaztu egiten ziren. Ohiko bihurtu zen jaioberriak altzoan zeramatzaten umeak ikustea.

Helduak beldurrez hurbiltzen ziren ontzira eta astiro igotzen ziren. Familia bat merkatariarekin egin beharreko tratuak amaitzen zituenean ontzira itzuli eta beste batek ordezkatzen zuen. Horrela, behin eta berriz, egunero hainbat orduz errepikatzen zen errituala.

Bitartean, sabel borobildun ume mordoa ontzira igotzen zen kuxkuxeatzera eta alde batetik bestera ibiltzen ziren korrika jolas-parke inprobisatuaz gozatzen. Harriduraz begiratzen zioten gringo bizardunari, barre egiten zuten eta ziztu bizian alde egiten zuten, gaixotasunen bat hartzeko beldurra izango balute bezala. Euren hondartzetan bainatzen ginenean, aldiz, adi-adi begiratzen gintuzten, elkarri begiratu eta barrez lehertzen ziren. Litekeena da gutxitan ikusi izana zuri bi, bainu jantzia eta bikinia jarrita, euren ibaian bainatzen.

Bodegariak bi alaba zituen, bidaia amaitezina unez batez ahazten lagundu ziguten bi alaba. Magaly, sei urtekoa; eta Mari Cielo, laukoa. Ahoan irribarrea tatuatua zuten argaltxu bi. Txikiena oso graziosoa zen, etengabe errepikatzen zuen “ni ez naiz Mari Cielo deitzen, ni Maria Mercedes Cordoba Duran Arirama deitzen naiz”.

Gainerako langileak 70 urteko mekanikari bat zen, bere zulo ilun eta koipetsutik arraina garbitzera baino ateratzen ez zena; indioilarra baino luma gehiago zuten sukaldari bi, menua osatzeko arazo gehiegirik ez zutenak; eta ontzira banana sortak, oiloak, txerriak eta behiak sartzen ibiltzen ziren 16 eta 25 urte bitarteko hamar bat gazte. Lan ta lan ibiltzen ziren gazteak, gelditu barik. Arratsalde batean batekin hizketan aritu nintzen eta lana neketsua zela azaldu zidan, “baina ondo ordaintzen dute, 80 sol bidaia bakoitzeko”. Bidaia bakoitzak 8-10 eguneko iraupena du eta hilean ez dute bi baino gehiago egiten. 80 sol 20 euro dira, gutxi gorabehera. Beraz, hilero 40 euro irabaz dezakete gehienez. Nolanahi ere, pozik bizi dira eta tartetxo bat dutenean lankideekin jolasten eta ibaian bainatzen egoten dira.

Ontzira heltzean, biharamunean Iquitosera bidean egongo ginela pentsatu genuen, baina kapitainak berehala zapuztu zituen gure ametsak. Hiru egun pasa genituen ia geldirik, Santa Mariatik Angotero izeneko beste herrixka batera joaten, batetik bestera, batetik bestera. Buelta geldirik egotea bezain aspergarria izan zen. Aldatu zen gauza bakarra bidaiari kopurua izan zen. Gero eta jende gehiago zegoen ontzian, gero eta hamaka gehiago. Hamaken kolore biziek irudi bitxia, eta klaustrofobiko samarra, osatzen zuten. Norbaitek esan zigun hiru egunetan Iquitosen egongo ginela baina ez zebilen oso zuzen; zazpi egun igaro ziren. Astebete hats nazkagarriak sufritzen, hizketaldi ulertezinak jasaten eta janari higuingarriak irensten. Izan ere, janariak aipamen berezia merezi du.

Sekula ez nuen pentsatu hainbeste plater egin zitekeela arroza zuria eta banana berdea erabilita. Arroza, banana eta salda marroian (ibaiko ura) murgildutako arraina gosaltzeko; arroza, banana eta yuka zati ñimiño bat bazkaltzeko; eta gauza bera baina usteltzen hasitako haragi zati urdin batekin, afaltzeko (sentitzen dut ama, ez dut neure gogoz egiten baina ez genuen dirurik eta zerbait jan behar genuen).

Sukaldatzeko erabiltzen duten ura, ibaiko ur marroia, edaten duten ur berbera da. Guk hiru litro edan genituen lau egunetan (pixa solido atera zitzaigun ia). Dena dago lotuta. Ibaia zikin dago zabortegi bezala erabiltzen dutelako (plastikoak, metalak, olioak eta petrolioa botatzen dute bertara), hortaz, janaria osasunaren kalterakoa da. Ontzia zatika erortzen ari zen inoiz ikusi ditudan pertsona zikinenak direlako. Arratoiez betetako hotelak Myanmarren (Birmania) txistea dirudite honen aldean. Ontziak ibaian uzten duen kutsadura eta kiratsa barruan dagoen kutsadura eta kiratsarekin baino ezin dira alderatu.

Komuna, kasualitatez gure kamarotearen azpian, itotzen gintuzten keak jaurtitzen zituen tximinia zirudien. Gauez, labezomorroak gure gorputzetan gora eta behera ibiltzen ziren; oiloak eta oilarrak, hamaken azpian pilatuta, kantu kantari aritzen ziren edozein ordutan; eta txerriak, banana tonen artean mugitu ezinik, alferrik kexatzen ziren.

Bizitzan (gutxienez behin) bizi beharreko esperientzia. Latza izan zen arren, aste hori Iquitosen emandako denbora guztia baino mila aldiz interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Irakurtzen jarraitu

Napo ibaitik Amazonasera (II): okerretik okerragora

El Cocan hasitako bide latzari jarraituta, Nuevo Rocafuertek besarkada bero batekin hartu gintuen, itotzeraino estutzen duen horietakoa. Perura pasatzeak 50 dolar kostatzen zitzaigun. 50 dolar ordu bateko nabigazioa egiteagatik? Hauek jota daude! Ez dagoenez beste biderik muga zeharkatzeko, nahi duten prezioa ezarri dute kabroi horiek. Berehala konturatu ginen geratzen zitzaizkigun 85 dolarrekin ez genuela gauza handirik egingo. Quilotoakoa arazotxo bat baino ez zen honen aldean.

Bi aukera genituen: El Cocara bueltatu (12 ordu), dirua atera eta beste bi egun itxaron Nuevo Rocafuertera itzultzeko edo gure gorputzak saldu Iquitosera heltzeko txartelaren truke. Erdiko bidea hautatu genuen. Bagenekien hurrengo egunean Iquitosera heltzeko txalupa ordainduta zuen italiar bat heltzekoa zela eta gure esperantza guztiak beregan jarri genituen itsu-itsuan. Ez guk bakarrik, jatekorik ere ez zuten bi hippie gure egoera berean zeuden.

Gau hartan ez genuen afaldu eta hurrengo egunean ez genuen jan, dolar bakoitzak Iquitosera apur bat gehiago hurbiltzeko balioko zitzaigulakoan.

Italiarra (Tarzanen itxura eta sota de bastosen orrazkera zuen 60 urteko erraldoia) heldu zenean hasi zen showa. Zirudienez, tipoak ez zuen arazorik gu Santa Clotildera (bide erdian) eramateko 150 dolarren truke. 100 berarentzat lirateke eta gainerako 50ak Peruko lehen herrira (Puerto Pantoja) eramango gintuen txalupa ordaintzeko.

Aitzitik, putaseme horrek doan eraman behar zituen artisauez mozorrotutako bizizale biak. Hau da, eurek, diru barik, Iquitosera heldu behar ziren zentimo zikin bat gastatu gabe, baina guri 100 $ kobratu nahi zizkigun (eta 75 $ baino ez genituen) bide erdiraino eramateagatik. Eta hori gutxi balitz gomendio paternalistak ematen zizkigun: “Ni zuen egoeran banengo El Cocara itzuliko nintzateke diru bila eta berriz saiatu”. Argi zegoen, tipoak ez gintuen gogoko ez genuelako barrerik egiten bere txiste txarrekin eta ez geniolako koiperik ematen. Besteek, bai.

Oso txarto sentitu ginen, erabat diskriminatuta, eskaleak lez ez bidaiatzearren. Ez genuen arazorik beste biekin, baina zergatik eurek doan eta guk (dirua izanda) ez?

Bufoietako bat boliviarra zen. 31 urte zituen baina harrotasunez zioen 15 zeramatzala Hego Amerika osotik bidaiatzen eta kontinenteari buruz inor baino gehiago zekiela pentsatzen zuen. Baina egia esan, artisautza saltzen lortzen zuen diru apurra alkoholean eta marihuanan xahutzen zuen bitartean janari eske ibiltzen zen zerri nazkagarria zen. Gainera, egun osoa ematen zuen txortan egindako neska atzerritarrei buruz berbetan eta bere gizontasuna goratzen. Bestea Ambatoko ekuadortar bat zen, 20 urte ingurukoa eta oso pertsonalitate gutxikoa. Semaforoetan malabareak egiten irabazitakoari esker bizi zen eta boliviarraren atzetik zebilen itzala bezala, eredu bat ikusten zuen boliviarrarengan. Tristeak ziren, oso tristeak. Tristeak bai, baina doan joan behar zuten Iquitoseraino eta gu izorratuta geunden.

Erabaki bat hartzeko unea heldu zen. Puerto Pantojara joan eta han beste ontzi bat lortzen saiatzen ginen edo El Cocara itzuli eta Iquitosera Ekuadortik heltzeko ideiari agur esaten genion. Eskerrak txaluparen jabeak Pantojatik 3 ordura ibaian behera beste ontzi handi bat zegoela esan zigula. Elkarri begiratu eta esan genuen: “aurrera!!”.

Gau hartan jaia antolatu zuten herriko eskolan. Nuevo Rocafuerten 400 biztanle bizi dira eta eskola eta ospitalea dira gauzarik aipagarrienak. Apaiz euskaldun bat ere bertan bizi dela esan ziguten, baina ez genuen sekula ikusi. Agian gure moduan heldu zen bertara eta geroztik handik atera ezinik egon da. Hippieak mozkor heldu ziren ostatura, diru barik baina mozkor. Gutaz barre egiten zutela entzun genuen, eurek bidaiatzeko aukera zutelako eta guk ez. Nagusiena hain zegoen edanda ezen pixa egin zuen gelako hormaren kontra.

Goizean ez ziren esnatu; gu, bai. Italiarra bufoirik gabe zegoen, baina ohetik altxatu zituen; guri ez zigun hitzik egin. Zorritsuak ontzira heldu ziren eta Puerto Pantojara alde egin genuen. Hara heldu eta motxila eta pasaportea ostatuan ahaztuta utzi zuela konturatu zen hippie zaharrena. Poztu egin ginen baina gure pozak hamar minutu iraun zuen. Italiarrak harritu egin gintuen beste behin ere. Patrikatik 50 dolar atera eta Nuevo Rocafuertera joan eta itzultzeko txalupa ordaindu zion. Miserablea.

Bitartean, Euge eta biok, pasaportean Peruko zigilua jarrita, esaten genuen: “para atras, ni para coger impulso”. Berak 3 litro ur lortu zituen eta nik mamei izeneko zuhaitz batetik fruitu batzuk. Bi egunetan jan nuen gauza bakarra.

Txalupako gidariak Santa Mariara eraman gintuen beste ontzitxo bat lotu zuen geratzen zitzaigun diruaren truke (nik, badaezpada, 10 $ gorde nituen, larrialdietarako). Zorterik txarrena opa genion italiarrari (aurretik hitz batzuk izan genituen gauzak argitzeko) eta berriz ibairatu ginen gure sufrimendua une hartan amaituko zela pentsatuz… baina ez… (jarraituko du).

Irakurtzen jarraitu

Mancora (2. atala): ‘asaltoa’ karramarroen hondartzan

P122000315:45 dira eta bazkaldu berri dut, txibia tortilla eta entsalada, beti bezala, zapore gabeko arroz ‘razio’ on batekin. Paseo bat ematera noa, hondartzatik. Aspaldi hasi nuen “Las venas abiertas de America Latina” liburua, Eduardo Galeanoren maisulan inportanteena, eta harean etzanda irakurtzea ideia ona iruditu zait. Brisa dabil eta eguzkiak erre egiten du. Lepotik eskegita, bere zorroan sartuta, nire kamera preziatua daramat eta iPod-ean Las Manos de Filippiren Control Obrero diskoa.

Ordu eta erdi inguru eman dut karramarroei, arrainei, pelikanoei eta bestelako txoriei argazkiak ateratzen, pasiatzen. Pixkanaka, konturatu barik, orain dela egun batzuk 300 kiloko itsas lehoi bat hilik agertu zen tokira heldu naiz, herritik 4 bat kilometrora.

pelikano peruarraBuelta eman eta herrira itzultzea erabakitzen dut, ilunabarra ikustera. Itsasertzetik ibiltzen hastean tipo bat begira geratu zitzaidan eta itxura txarra hartu nion, baina ez nion garrantzia gehiegirik eman. Ezkerretara begiratu eta hara nor ageri den hondar muinoen  eta zuhaixken artetik: tipo hori bera… eta beste bat, burua kaputxa batez estalia daramana. Urduri daudela dirudi, zerbait prestatzen egongo balira bezala. Begiratu gabe jarraitzen naute. “Uhhh, honek ez du itxura onik, lapurreta dirudi” –diot neure artean.

Txankletak erantsi eta ezkerreko eskuaz heltzen ditut, eskumakoan liburua daramat estu-estu… eta ihesari ekin diot. Kaputxadun tipoa lodia eta altua da, 1,85 eta 95 kilo inguru, eta beltzez jantzita doa, alkondara eta praka luzeak. Ni korrika ikustean bera ere arineketan hasi da nigana, nire ihesbidea oztopatu nahian. Terrenoa alde dauka, aldapa behera doa itsasertzerantz. Nire aurrean gelditu da, 20 metro eskasera. Korrika jarraitzea erabakitzen dut, inoiz baino arinago, inoiz bezain bizkor.

gallinazo cabeza rojaPotoloa nire aurrean dago, zain, oldartzear dagoen zezena lez. Gelditu barik hurbiltzen natzaio, bestea atzean dago jada. Baina zertan ari da lodi kabroi hori? 10 metrora nago. Bat batean eskua potroaldean sartu eta zerbait atera du praken azpitik. Orduan, ihes egitea lortuko dudan jakin gabe, praken azpian daramana pistola edo labana den egiaztatzeko betarik hartu gabe, pausua bizkortu eta oihuka hasten naiz: “¡Hijo de puta! ¡Hijo de puta! ¡Puto gordo hijo de puta!” Iskin egiten saiatzen naiz ezkerretik keinua eginez, baina ez du amua irentsi, beste keinu bat eskumara, orain bai, bere gerri borobilak ez du gehiagorako ematen, bere eskumatik igaro naiz, bere hatzaparretatik bi metrora, ez nau usaindu ere egin. Usain Boltek ikusi izan banu… Ez zen Iban korrikan ari zena, Ibanen beldurra bi hankatan baizik!

P1220026Atzera begiratu eta lapur ustelak, burumakur, erretiradan ikusten ditut eta ulergaitza bada ere oihuka jarraitzen dut hondartzatik abiada bizian noala: “¡Voy a ir a la Policía, hijo de puta!” Adrenalina odolarekin nahastu egin da eta gorputz osotik dabil, gora eta behera. Asaldatua nago erabat, eta korrikan jarraitzen dut. 10 minutu geroago zibilizaziora heltzen naiz (etxe multzo txiki bat) eta… hara! A zelako kasualitatea, polizia patruila bat (herriko bakarra, uste dut) dago bertan. Autora hurbildu eta gertatutakoa kontatzen hasten naiz. Auto barruan, bi gizon, 45-50 urtekoak. Inoiz poliziarekin izandako elkarrizketarik surrealistena izan da: Irakurtzen jarraitu

Mancora (1. atala): karramarroen hondartza

P1210876Ez, ez dut burua galdu (oraindik ez naiz oihanera joan Gorka, lasai egon zaitezke), ez naiz ez animalista, ez naturalista ezta animalien maitale bihurtu ere, ez ohikoa baino gehiago behintzat. Baina Mancorako (Peruko iparraldean, Ekuadorreko mugatik oso gertu) hondartzaren lasaitasunari esker posible izan zait hiriko estressari eta bizimodu biziari ohitua dagoenaren begien aurretik maiz oharkabean gertatzen diren gauzak ikustea.

P1210929Larak, nire lehengusinak, behin Brasileri buruz ari ginela, ezinhobe, esan zuen natura neurrigabea dela bertan. Nik, baina, zehastasun txiki bat gehituko nioke iruzkinari. Brasilen ezezik, natura Hego Amerika osoan da neurrigabea, eta berezkoa duen xarmak, faunari zein florari dagokionak, bere horretan dirau oraindik toki askotan, zer esanik ez gizakiaren eskuek eta asmo txarrek errespetuaren muga bortxatu ez duten lekuetan.

Eguzkia, ura, harea, hegaztiak, arrainak eta karramarroak, abiada bizian mugitzen diren milaka karramarro! Irakurtzen jarraitu

Trujillo eta Huanchaco; adobezko hormak eta totorazko txalupak

P1210725Trujillo Peruko iparraldean dago, kostaldean. Herrialdeko hirugarren hiririk jendetsuena da eta izena Francisco Pizarrok berak jarri zion bere sorlekuaren omenez. 11 urterekin Extremadurako Trujillon (Caceres) egon nintzen eta txikitan gauzak beste modu batean ikusten, ulertzen eta sentitzen diren arren, Trujillo bien arteko ezberdintasunak itzelak dira.

Ez nuke esango Peruko Trujillo ikusi dudan herririk politena denik, baina, Extremadurakoak ez bezala, oso txoko interesgarriak dauzka. Plaza nagusian, esaterako, Casas Antiguas deritzen etxe kolonialak oso ikusgarriak iruditu zitzaizkidan. Koloretsuak eta oso dotoreak dira. Oso herri garrantzitsua izan zen espainolen inbasioaz geroztik eta Lima koloniako hiriburu izendatu bitartean, Peruko hiri nagusia izan zen.

P1210662Bestela, hiritik kilometro gutxi batzuetara Chan Chan-eko aztarnategia dago, XII. mendean Hego Amerikako hiririk handiena izatera heldu zena,  Chimor erreinuaren barruan. Aipatu erreinua kostalde osotik hedatu zen, 1.000 kilometro baino gehiago. Tupac Inca Yupanquiren Armadak erreinua mendean hartu eta Tahuantinsuyo deituriko eskualdearen (Andeetako indigenen lurraldea osatzen zuten lau eskualdeetako bat) parte izatera pasa zen.

Chan Chan-eko eraikuntze prozesuak 500 eta 600 urte inguru iraun zuen eta adobez egina dago ia bere osotasunean. Hormak, mosaikoak eta irudi geometrikoak ikutu xelebrea ematen diote tokiari.

P1210827Chan Chanetik gertu Huanchaco dago, Trujilloko elite ekonomikoaren atseden lekua. Hondartza txiki baten ertzean eraikitako herri txiki bat da, turismo surferoari zuzendutakoa. Egurrezko muelle luze batez (eta emakume zahar batek saltzen duen arroz-esne beroaz) gain ezer gutxi dauka tokiak, baina ilunabarreko eguzki gorri-gorriak eta bertako bizilagunek ondare historikotzat baino erakargarri turistiko bezala mantendutako totorazko txalupatxoek argazki bikaina eskaintzen dute.

P.D: aste honetan bi artista handi hil dira, Mercedes Sosa argentinarra eta Arturo “Zambo” Cavero peruarra. Hori dela eta abesti hauek eskegitzea erabaki dut.

– Mercedes Sosa: “todo cambia

– “Zambo” Cavero: “contigo Peru

Irakurtzen jarraitu

Mendikate Zurian

P1210579Limako zoroetxetik irten eta haize fresko apur bat arnasteko asmoa nuenez, Huarazerantz joan nintzen, Cordillera Blanca delakora. Huarazek, hiri bezala, gutxi dauka eskaintzeko, eta bere erakargarririk handiena kokalekuan datza, inguruan dauzkan paraje eta herrietan batez ere.

Gaua eta eguna alderatzea bezalakoa da. Huaraz, zikina, itsusia eta usan txarrekoa da. Zaborra toki guztietatik, batez ere erreka bazterretan. Inguruak, baina, ederrak dira. Herritik bertatik Huascaran mendia (Peruko altuena, 6.768 m.) ikus daiteke. Baina begiratzen duzun norabidean begiratzen duzula mendiak ageri dira ostertzan.

P1210427Heldu eta nahiko zorte txarra izan nuen ostatuarekin. Israeldarrez betea zegoen. Egun osoa buiaka ematen zuten eta edozein ordutan egoten dira ordenagailuaren bidez etxekoekin berbetan. Ez dute errespetua hitza ezagutzen. Baten bati arreta deitu behar izan nion gauez. Goizean, gosarian, bikote batek eztarria arramaskatuz ateratako hitz zatar batzuk (hebraieraz) esan zizkidan. Ez nien ulertzen, noski. Berriro ere gauza bera esan zidaten tonu desagradable horrekin.  Nirekin ari ote dira? –galdetu nion neure buruari. Buelta eman eta … hara! Nirekin ari ziren Netanyahuren semeak.  “¡¡Que no soy hebréo!!” erantzun nien nire nazka aurpegirik gozoena oparituz. “Ahh!” –eurek. “You can sit here with us if you want”. “No, estoy bien aquí (lejos de vosotros), gracias”.

P1210521Ordu eta erdi geroago ostatu bila ari nintzen berriz ere.

Egun horretan bertan aklimatazio prozesua hasi nuen berriz. Laguna Churup izeneko urmael batera igo nintzen (4.450 m.)  bidean topatutako hirukote batekin; australiar bat, japoniar bat eta yankee  bat.  Oso jatorrak hirurak, oso porrozaleak hirurak.

P1210567Biharamunean lau eguneko ibilaldi bat hasi nuen, Santa Cruz deritzon trekkinga hain zuzen. Vaqueria eta Challapampa arteko bidea lau egunetan egin genuen, lasai, zailtasun handirik gabe. Ibilaldi erreza (badakit denek ez dutela berdina pentsatuko), eta agian erraztasun horrek ematen dizu taldekideekin gehiago sakontzeko aukera. Nire taldea txiste txar bat zirudien: Sevillako tipo bat eta bere Hungariako neskalaguna, Piamonteko (Italia) katxondo bat, Txiletar gazte mistiko bat, bi ingeles soso eta lotsati, gida, mandazaina eta bederatziok.

P1210472Tokia ikaragarria da, Patagonia eta Pirinioak ekarri zizkidan gogora. Gainera, bidailagun bitxiak izan genituen. Ohiko bihurtu diren moskitoez gain, astoen bisita izan genuen. Baina deskripzioetan galtzea baino, hobe argazkiak ikusten badituzue.

Irakurtzen jarraitu