Izorratu gaituzte!

… baita ondo izorratu ere! Venezuelan kreditu eta debitu txartelak klonatu  eta ia 6.000 6.200 euro lapurtu dizkigute. Ez, ez nabil txantxetan. Pentsa zelako aurpegia geratu zaidan Interneten kontu korrontea begiratu eta espero baino 5.000 5.800 euro gutxiago dauzkadala ikustean.

Venezuelan behin baino ez ginen saiatu dirua ateratzen, baina nahikoa izan zen putaseme horientzat.

Medellinen geundela arazoak izan genituen behin baino gehiagotan dirua ateratzeko baina bankuarekin hitz egin, kontu korrontea egiaztatu eta dena ondo zegoela esan zidaten. Eskerrak!!! Bidaiarekin jarraitzeko genuen (Eugeri azken 400 euroak atera dizkiote) dirua lapurtu digute Caracasetik. Bi egunez gure kontuetatik dirua ateratzen ibili dira, Venezuelatik alde egin eta 20 egunera. Lur jota utzi gaitu albisteak, oso desanimatuta eta triste, litekeena da norbera bere herrira itzuli behar izatea, espero baino hilabete batzuk lehenago.

Orain itxarotea baino ez zaigu geratzen, Cartagenako (Kolonbia) polizia-etxe batean jarritako salaketa, kutxazainetako egiaztagiriak eta pasaporteko zigiluen fotokopiak (dirua atera izan dutenean gu Venezuelatik kanpo geundela ikus dezaten) Euskadiko Kutxari bidaltzea, ez besterik. Ikusiko dugu dirua betirako galdu dugun edo itzultzen diguten.

Venezuelak jipoi ederra eman digu, soziologikoa hasieran, ideologikoa gero eta ekonomikoa orain. Gorroto dut!!!

Irakurtzen jarraitu

Kontraesan eta hondartza egunak

Ez naiz sekula Caracasera itzuliko, kar, kar, kar. Shock-ak egun batzuk iraun zuen. Karibeko ur epeletan egonda ere ezin burutik kendu ‘escualidoen’ (Chavezen aurkakoei horrela esaten diete) hirian bizitakoa.

Caracasetik Maracayra joan ginen, eta handik Choroni izeneko herri txiki eta kolonialera. Jende askok gomendatu zizkigun bertako hondartza lasai eta ikusgarriak eta sustoa gainetik kentzeko modu egokiena izango zela pentsatu genuen. Choronin egun lasaiak pasa genituen, hondartza, hondartza eta hondartza. Playa Grande, Cepe, Chuao…, ur berdea, hare zuria, palmondoak, eta kokoak.

Choronitik Corora joatea otu zitzaigun, lasaitasunarekin jarraitzeko, baina autobusak gauez ateratzen ziren eta egun osoa Maracayn pasa behar izan genuen, bueltaka, paseoan, hiria ezagutzen. Plaza batean eseri ginen, eguzkipean. Iguana handi bat ikusi genuen plazako zuhaitz batean, eguzkipean hura ere. Bat-batean, deitu izan bagenu bezala, guregana hurbildu zen astiro-astiro eta nire ondora etorri zen. Mingaina atera eta nire oinetatik bi zentimetrora zegoen laranja zati txikia patxadaz irentsi zuen. Buelta eman eta atzera zuhaitzera. Une batez nire oinari kosk egin behar ziola pentsatu nuen.

Eguzkiak indarrez jotzen zuen eta gerizpera joan ginen, beste banku batera. Orduan, liburuak atera eta irakurtzeari ekin genion, ez baikenuen ezer hoberik egiteko. Gure ondoan eserita jubilatuak baino ez zeuden. Haietako batek tokiz aldatzeko agindu zigun oso modu txarrean. Antza, gu geunden tokian gizon bat eseri ohi zen egunero eta gu handik alde egin arte zutik jarraitu behar zuen, guri begira. Eztabaidatzen hasi ginen, ea bankuak pribatuak ziren galdetu nion tipoari eta berak venezuelar herriarenak zirela erantzun zidan. “Y si no, vayanse a su país” – berehala igarri zitzaion izaera faxista. Potroetaraino nengoen lotsabakoez eta zakartasunez tratatzen zaituzten pertsonez. Hitz “gozo” batzuk esan genizkion eta hantxe gelditu ginen burua berotuta liburuari bueltaka.

Artean buruan genuen agure zikinekin izandako eztabaida zineman sartu ginenean. Areto osoan bost bikote baino ez geunden. Gure atzean 30 urte inguruko emakume bi jesarri ziren. Pelikula hasi eta berehala hizketan hasi ziren. Beren ahotsak filma baino hobeto entzuten genituen. Isiltzeko eskatu genien, modu onean baina ez zuten ulertu. “Pero bueno, estamos comentando la película”, esan zigun bietako batek. “Si quieren charlar, vayanse a un cafe”, Eugek lasaitasunez. “Pues si no les gusta, vayanse a su país”.

Horixe besterik ez genuen behar! Beste bi diskriminatzaile. “¡Eso es una estupidez! ¡Sois todos unos estúpidos en este país!”, bota nien amorruari eutsi ezinik. Isildu egin ziren eta filma asko gustatu zitzaigun.Corora bidean lo geratu ginen eta autobusak Punto Fijoraino eraman gintuen. Punto Fijo Ali Primeraren (Venezuelako herri-musikaren ikonorik handiena) jaioterria eta munduko petrolio-birfindegirik handiena izateagatik da ezaguna. Coro ere nahikotxo gustatu zitzaigun. Oso hiri lasaia da eta Venezuela osoko alde historikorik politena dauka, baina hortik haratago ez du berezitasun handirik. Egun pasa Adicorara joan ginen, windsurfaren herrira.

Corotik Meridara heltzeko hiru autobus behar izan genituen, hiru autobus, pazientzia dosi handi-handi bat, eta 18 bat ordu. Meridan munduko teleferikorik handiena eta garaiena eraiki zuten baina ia bi urte daramatza matxura batek geldituta. Ez zitzaigun diru gehiagorik geratzen eta ihauterietako sukar kontsumistak kutxazain guztiak diru barik utzi zituen. Bi egun pasa genituen hot dog koipetsuak jaten eta kutxazainak bilatzen. Azkenean herrialdetik irteteko diru nahikoa ateratzea lortu genuen BBVA maitagarri batean eta Kolonbiara abiatu ginen.

Aurretik esan dudan moduan, oso herrialde berezia da Venezuela, berezia eta konplikatua. Niretzat dezepzio handi bat izan da, jendeak eman digun tratuagatik batez ere. Venezuelar gehienek ez dakite atzerritarrak tratatzen, eta berdin zaie turistak pozik gelditzen diren edo ez. Ez dute kultura turistikorik eta ez dute izan nahi.

Ur botila batek 100 litro gasolina baino gehiago balio duen herrian dena da aldrebesa. Herritar gehienak Gobernu sozialista baten alde daude baina gizonezko guztiek Lacosteren kamisetak daramatzate (faltsuak, noski), Europar elite eskuindarraren sinbolo estetikorik handienetakoa. Litekeena da eurek ezer ez jakitea horri buruz. Gainera, herritar gehienek azken belaunaldiko Blackberryak (agenda-telefono elektronikoak) daramatzate, herrialde garatuetan oraindik gertatzen ez dena.

Orokorrean, mugimendu sozialista oso hedatua dago jendartean, baina sozialismoa azalean geratu da, ez da gai izan jendartearen mamia aldatzeko. Funtsean kapitalistak izaten jarraitzen dute, eta ez nolanahiko kapitalistak, kapitalista basatiak baizik.

Ustelkeria ere oso errotua dago, batez ere Guardia Nazionalean eta Armadan. Armadaren kontrolak oso ugariak dira Kolonbiatik gertu dauden eskualdeetan eta militarrek edozein aitzakia bilatzen dute irregulartasunik txikiena asmatu eta bidaiariengandik diru apur bat ateratzeko. Guri ere antzeko zerbait gertatu zitzaigun polizia batekin. Pasaporteak eskatu, goitik behera begiratu eta Brasilgo zigilua falta zitzaigula esan zigun putasemeak. “Ez, ez, hortxe dago, azken orrialdean, begiratu ondo”, esan nion. Baina nire azalpena ez zen bere gustukoa izan. “Jaitsi autobusetik”, agindu zidan. Nirekin batera kolonbiar bat jaitsiarazi zuen. Dirurik emango ez niola igarri zuenean Kolonbiarrarekin hasi zen. Karnetik gabe bidaiatzea debekatuta dagoela eta bla, bla, bla. Kolonbiarrak soilik 20 bolivar zeramatzala esan zion poliziari. Orduan autobus gidaria agertu eta “Venga, venga, dele los 20 y vámonos”. Eta ni han, erdian, flipatzen. Antzerki surrealista bateko aktorea nintzen. Pasaportea itzuli zidan, kolonbiarraren dirua hartu eta denok gora, berriz martxan. Ez daukate lotsarik.

Pena handiz diot baina oso pozik geunden Venezuelatik irteteaz. Irakurtzen jarraitu

Beldurra eta nazka Caracasen

Jakinaren gainean geunden eta hala ere proba egin behar. Caracasera gauez iritsi ginen, autobusak matxura izan eta errepidean utzi gintuen, beste baten zain. Ostatua Sabana Grande auzoan hartu genuen, lasai geunden, adi, baina lasai. Hegoamerikako hiririk arriskutsuenetarikoa da gaur egun Venezuelako hiriburua. Ez genuen sugestioaren hatzaparretan erori nahi, baina hainbeste izan dira, eta hain txarrak, hiri honetaz kontatu dizkiguten istorioak… ohi baino arreta handiagoz genbiltzan kaletik.

Caracas oso hiri interesantea iruditu zitzaidan hasieratik, herrialde osoa bezala, gizarte osoa bezala, erabat kontraesankorra. Kontraesankorra baina koherentea venezuelar ikuspegitik begiratuta. Azken urteotan lapurretak, bahiketak, hilketak eta, oro har, delituak, izugarri hazi dira. Sekula ez diet estatistika fatalistei kasurik egin, baina nire iritzia apur bat aldatu zuen hiri honek. Horrenbeste kritikaren atzean errealitate apur bat egon badagoela pentsatzera eraman ninduten bertan bizitakoek.

Goizean hiria ezagutzera irten ginen. Metroa hartu (metroa nahiko segurua, garbia eta eraginkorra da) eta erdialdera joan ginen. Bolivar plaza, Bolivarren etxea, museo bolivartarra, dena da Bolivar. Espainolengandik askatu zituen heroia gurtzeko edozein aitzakia aproposa da venezuelarrentzat. Guardia Nazionala edonon ageri da, eraikin estrategikoak “zaintzen” eta argazkiak ateratzea debekatua dago. Gobernuaren psikosia ez da txantxa.

Berriz metrora salto eta Bellas Artes geltokian jaitsi ginen. Hiriko parke nagusia dago bertan, baita museo gehienak (doakoak denak). Gazte eta artisau mordoa biltzen da inguru horretan eta giroa lasaia da, atsegina. Gainera, hiriko dorrerik altuenetara igo daiteke Caracas osoko panorama ederra ikusteko. Los Caobos parketik Plaza Venezuelara, eta handik ostera Sabana Grandera. Gauez buelta bat eman genuen auzotik, asteburua zen eta jende ugari zebilen kaletik. Oso inpresio ona eman zigun hiriak.

Goizean El Avila mendira igo ginen Chavezek desjabetutako teleferiko modernoan. Aurretik Espainiako enpresa batek kudeatzen zuen. Bista ederra dago mendiaren puntatik. Alde batean Caracas ikusten da, urrun, lainoak erdi estalia. Eta bestean itsasoa eta Vargas Estatuko lurrak. Mendian ez dago gauza handirik egiteko baina itsaso aldera Galipan dago, herri txiki eta aldapatsua.

Pozik geunden, gure egonaldia Caracasen espero baino erosoagoa izaten ari zen. Diruz nahiko justu genbiltzan eta gelditzen zitzaizkigun azken dolarrak (200) aldatzea erabaki genuen. Kapitoliora abiatu ginen han baitaude diru-trukatzaile gehienak. Dirua arazo bat da Venezuelan. Bankuek kanbio ofiziala darabilte (dolar bat=4.3 bolivar fuerte(BsF)), oso baxua, baina merkatu beltzean kopuru handiagoa lor daiteke, dolar paraleloa 6.20 BsF-tan zegoen. Inork ez du dirurik aldatzen bankuetan, mundu guztiak merkatu beltzean egiten du. Myanmarren esperientzia lasaia izan nuen 2007an dirua merkatu beltzean aldatzean, baina Venezuela ez da Myanmar, antzik ere ez.

Tipo batek 7,5 BsF eskaini zizkidan dolar bakoitzeko. Tontoa ni, mesfidantzaz baina sinistu egin nion. Eraikin batean sartu gintuen, jende gaztea zegoen, ondo jantzita, (20-40 urte) eta denak gizonak ziren. Ez zuen itxura onik. Pasadizo batetik pasa ginen eta lokal txiki eta ilun batean sartu ginen. Lauzpabost metro karratuko gela bat izango zen. Erdian mostradore bat eta mostradorearen atzean hiru tipo. Gazteenak eskua luzatu zidan, ahultasunez estutu zuen nirea. Rollo txarra (beste batean azalduko dut bostekoa emateko moduaren inguruan dudan teoria). Zenbat diru genuen galdetu zidan. “Berrehun”, esan nion. “¿En billetes de qué?”, berak. “Ehuneko bi”, nik. Horra lehen akatsa. Billeteak erakusteko esan zidan eta dolar bakoitzarengatik 9 BsF emango zizkidala. Berak nire dirua hartu zuen eta nik berea. Kontatu nituen, bolivar piloa zen. Orduan dolar faltsuak antzemateko makinatxoa atera zuen eta dirua bertan sartu zuen. “El dinero es falso”. Hotzikara bat izan nuen. Billeteak erakutsi zizkidan, xafla magnetikorik ez zutela eta faltsuak zirela zioen. Billeteak hartu eta orduan konturatu nintzen. Ez ziren nik eman nizkionak, beste batzuk ziren. Aldatu egin zizkidan bolivarrak zenbatzen ari nintzela.

“Estos billetes no son los que yo he traído”, bota nion aurpegira. “¿Como? No amigo, estos billetes son tuyos, yo no te he cambiado nada”. Baina ni ziur nengoen, kalera irten aurretik ondo begiratu nituen, serie zenbakia, jaulkitze urtea, joder Benjamin Franklinen aurpegia buruz ikasia nuen! Dirua bueltatzeko esan nion, nire billeteak bueltatzeko, dirua hasieran esandako prezioan aldatu nahi ez bazidan beste toki batera joango nintzela, baina berak ezetz zioen, ezetz eta ezetz, diru hura nik eramandakoa zela. Oihuka hasi nintzen, banekien jendeari iruzur egin ohi diotela baina ezin nuen diru hori ihes egiten utzi ezer egin barik. “Ni siquiera me estás estafando, me estas robando!”, leporatu nion ahotsa altxatuta. “¿Que te estoy robando?¿Que te estoy robando?”, dolarrak nire eskutik hartu zituen. “Ahora si te estoy robando”, jertsea jaso, pistola bat atera zuen praken azpitik eta bularrean jarri zidan. “Yo no soy ningún malandro, ¿me escuchas?”, oihu berak ere. Tarantinoren filme batean geundela zirudien, gela ilun bat, itxura txarreko hiru gizon, pistolak, dirua eta bi gixajo atzerritar. Eta badakizue nola amaitzen diren filme horiek, ezta?

Arraroa izan zen, ez nintzen batere izutu, aurpegira begiratu nion eta inguruan zeudenek tipoa lasaitu zuten. Pistola gorde zuen eta dolarrak itzuli zizkidan. “Si no eres ningún malandro, ¿por qué vas armado?, bota zion Eugek. “Este es mi negocio y tengo que defenderme de los que me quieran robar”, esan zion putasemeak. Bat-batean, dena galdua zegoela zirudienean, handik bala batekin irten behar ginela (irtetea lortzen bagenuen) zirudienean, tipoari negoziatzea otu zitzaion. Baina nik ez nuen gogorik. Azkenean truke duin bat lortu nuen hala ere. Amaitzean tipoak barkamena eskatu zion Eugeri espektakuluagatik eta niri atzerritar guztiei iruzur egiten dietela onartu zidan. “Te has dado cuenta porque te he metido dos caras nuevas (billete berrietan Franklinen aurpegia zaharretan baino handiagoa da), si no hubieras caído tu también”. Eugek nazka aurpegiz begiratu eta erdiko hatzamarra altxatu zion.

Handik irtetean bajoia etorri zitzaidan. Euge jatetxe baten komunean sartu behar izan zen negar egitera eta tentsioa askatzera. Ostatura itzuli eta Caracasetik alde egitea erabaki genuen. Goizean metroa hartzera joatean, ostatutik 100 metrora, malandro bat hurbildu zitzaigun eta gu lapurtzen saiatu zen baina Eugek oihu batez uxatu zuen: “¡Cortala flaco que no tengo nada!”.

Dirua aldatzean gertatutakoa gure errua izan zen horrelako toki batean sartu izanagatik. Dena den, argi daukat inork ez duela horrelako bizipen gogor eta zakarra bizitzea merezi.

Irakurtzen jarraitu

Leones vs. Magallanes

Agujetak pasa zirenean Ciudad Bolivarrera joan ginen, iparralderantz, Orinoco ibaiaren ertzean. Estatuaren bus konpainiarekin joan ginen besteak baino askoz merkeagoa delako. Bidea ez zen erraza izan. Venezuelako autobusak ez dira txarrak, erosoak dira, baina arazo bat daukate haize egokituarekin. 18 gradu, haizea 18 gradutan jartzen dute, eta batzuetan baxuago. Jendeak mantak daramatza eta goraino estaltzen dira, hotza itzela da. Kanpoan 35 edo 40 gradu egon daitezke, baina gidariaei ez zaie gehiegi inporta, barruan tenperatura ez da inoiz 20 gradura heltzen. Autobus bat hartu behar baduzu Venezuelan, igo ezazu manta bat, edo, gutxienez, beroki on bat. Bitxiena da  konpainia guztiek berdin egiten dutela eta herritarrek ez dutela txintik ere esaten, aguantatu egiten dute eta kitto. Ulertezina.

Santa Elena de Uairenen Venezuela ezberdina dela egiaztatu genuen, herrialde honetan hegoamerikar topikoak ez direla beti betetzen. Kirola horren adibide argia da. Futbola? Zer da hori? Hemen beisbola da nagusi. Mutikoek ez dute futbolean jokatzen eskolatik irtetean, koadrilek ez dute patxangarik antolatzen asteburuetan; beisbolean jokatzen dute, egunero, edozein tokitan. Onartu beharra daukat beisbola oso kirol aspergarria iruditu zaidala beti baina hemen gustua hartu diot, ez da hain astuna.

Venezuelara iristean Estatuko ligako finalak jokatzen ari ziren. Caracaseko Leones eta Navegantes del Magallanes (Valenciakoak) nor baino nor, herrialdeko txapelaren bila. Gainera, irabazleak Mexikoko, Puerto Ricoko eta Dominikar Errepublikako talderik onenekin lehiatzeko aukera izango zuen Karibeko txapelketan (Beisbolaren Champions League-a). Leones eta Navegantes, Caraquistak eta Magallaneroak, ez dago besterik. Mundu guztiak bata edo bestearen artean aukeratzen du. Zaletuak 1.000 kilometro baino gehiagora bizi daitezke, gehienak ez dira sekula estadioan egon, baina pasioa bera da. Azken partidak herrialdea geldiarazi zuen, irrati eta telebista guztietan zegoen. Leohiek irabazi zuten eta jarraitzaileak, erotuta, kalera atera ziren auto eta motorretan arerio historikoaren aurkako garaipena ospatzera.

Partida jokatzen ari zela taxi bat hartu behar izan genuen eta harritu egin ginen gidaria musika klasikoa entzuten ari zela ikustean. Beisbola gustuko ez zuen galdetu genion. “Es que los venezolanos somos muy comemierda, nos tragamos todo lo que nos dan. Esa gente que dice ser hincha nunca ha ido a ver al equipo al estadio, yo soy del equipo de mi ciudad”, aitortu zigun.

Ciudad Bolivarren bisitaldi laburra egin genion alde zahar kolonialari eta Orinocoko pasealekuari eta berehala alde egin genuen iparralderago, Karibeko hondartzak ezagutzeko irrikaz. Puerto la Cruzera heldu ginen, Caracasetik ekialdera, eta handik Playa Coloradara, Pariako penintsulan, joan ginen. Toki lasai eta txikia da, perfektua atseden hartzeko. Ostatua lortu genuen Quebeceko (Kanada) gizon zahar baten etxean. Oso jatorra da Jaques, 21 urte daramatza Venezuelan, emakumeekin desengainatuta eta herrialdearekin maiteminduta.

Playa Colorada ere kuriosoa iruditu zitzaigun, kuriosoa eta ez hain lasaia. Heldu eta ordubetera kalera irten ginen, herria ezagutzera. Kale nagusian festa ebanjeliko batekin egin genuen topo. Monte Sinai Elizako jarraitzaileek orgia eukaristikoa antolatua zuten. Emakume nagusi batek Jainkoa goresten zuen behin eta berriz, gelditu barik, gazte batek sintetizadore karrankari bat astintzen zuen bitartean. Eromena zen. Fededunak (fieles) jira eta bira ari ziren, kable elektriko bati helduta edo trantzean baleude bezala. 4-5 urteko umeek ere, gurasoen eskutik helduta, dantzan ari ziren eta begiak zuri, deabruak hartuta bezala. Gu, flipatuta, espektakulua jarraitzen genuen espaloian eserita, adi-adi, enpanadak eta pastelak jaten.

Playa Coloradan ez da erraza oinarrizko elikagaiak lortzea. Alkohola, ordea, ia edonon aurki daiteke. 100 metroko kuadra batean lau likoreria daude eta jende piloa biltzen da goizean goizetik (9.00 am) garagardoa edatera.

Atseden hartzeko asmoz heldu ginen, eta hein handi batean lortu genuela esan dezakegu, baina bertan bizi izan genuen lehen aldiz herrialdetik alde egin arte gainetik kendu ezin izan genuen sentsazio garratza. Mundu guztiaren aurka borrokatzen ari ginela sentitzen genuen, gringoa izateagatik normala baino gehiago kobratu ez diezazuten, edo maula egiten saia ez daitezen. Eta ez da behin edo bitan gertatzen, etengabe errepikatzen den kontua da, eta oso nekagarria da.

Halere, gehiago ordaintzea edo estafa baten biktima izatea ez da gerta dakizukeen txarrena, eta gu, horren jabe izan arren, gauzak apur bat zailtzea erabaki genuen eta Caracasera abiatu ginen.

Irakurtzen jarraitu

Roraima planetan barrena

Santa Elena de Uairenen lehen harrera egin zigun Venezuelako Errepublika Bolivartarrak. Gran Sabana (Saban Handia) delakoaren atea da Santa Elena, herri txikia eta brasildarrez betea. Venezuela arraroa iruditu zitzaidan hasieratik. Boliviako erregimen sozialistatik oso urrun dagoela iruditu zitzaidan, oso ezberdinak dira. Jakinmin handia nuen Hugo Chavez presidentearen eta Gobernuaren inguruan herritarrek duten iritzia ezagutzeko eta, egia esan, lehenengo astean topatu genuen jende guztiak (edo gehiena) nahiko txarto hitz egin zigun. Bakoitzaren ideia politikoetatik haratago, denek errepikatzen zuten gauza bera: segurtasun eza ikaragarri hazi da azken urteotan, Chavez boterera heldu zenetik. Dena den, Venezuelako egoerari buruz dudan iritzia aurrerago azalduko dut.

Sabana Handia toki harrigarria da, paisaiari erreparatuta Afrikan zaudela imajina dezakezu. Topografiari dagokionez, Sabana Handian Amazonian baino askoz anitzagoa da. Baso baxuak osatzen duen alfonbra berdearen monotonia tepuiek baino ez dute apurtzen. Tepuiak soilik toki honetan eta Afrikan aurki daitezkeen harkaitz formazio bitxiak dira, mila metrotik gorako harri lautada handiak. Zerutik eroritako harri puska laukiak dirudite eta batzuetan Aralar eta Urbasa (Sakanatik begiratuta) ekartzen zizkidaten gogora. Sabana osoan mila inguru daude.

Inguru horretan egonda, mendi-irteeratxo bat egiteko gogoa piztu zitzaidan segituan. Tepuirik altuenera joatea erabaki genuen ondo pentsatu ostean. Roraima mendiak (Canaima Parke Nazionalean) 2.800 metro ditu eta oso ezaguna da Hegoamerikako mendizaleen artean. Venezuelako osoko (eta Brasilgo zenbait tokietan ere) turismo agentziek 6-8 eguneko trekking-ak eskaintzen dituzte baina prezioak oso oso altuak dira, ia 250 euro lagun bakoitzeko. Guk geure kabuz egitea erabaki genuen baina laster konturatu ginen abentura pentsatu baino zailagoa izango zela.

Kanping denda kutre bat eta astebeterako janaria erosi genuen eta autobus bat hartu genuen San Francisco de Yuruanira, ibilaldiaren abiapuntura, heltzeko. Sabana Handiko jatorrizko biztanleak Pemon etniakoak dira eta Taurepan deituriko hizkuntza darabilte. Pemonak, 15.000 inguru, Yanomamien (Orinoco ibaiaren deltaren inguruan bizi diren indigenak) arbasoak dira eta Sabanan zehar barreiatutako herrixka txikietan bizi dira.

Pemonen mitologiak dioenez, Makunaima eta Chike anaiek tepuiak eraiki zituzten, harriz harri, bata bestearen gainean pilatuz eta Roraima eraikitzeko harriak Brasildik ekarri zituzten (Roraimaren tontorrean Venezuela, Guyana eta Brasilgo muga dago). Egun batean Akure bat (tximino bat) ikusi zuten lotan eta tximinoaren ondoan fruitu askoren hondarrak. Esnatu eta alde egin zuenean bere atzetik joan ziren eta fruituak arbol berezi batetik, bizitzaren zuhaitzetik, lortzen zituela ikusi zuten.

-Moztu dezagun fruitu guztiak lortzeko- esan zuen Chike anaia txikiak.

-Ez, har ditzagun soilik lurrean daudenak- erantzun Makunaimak.

Chikek, baina, ez zion kasurik egin, zuhaitza moztu eta Roraimako zuhaitz guztiak negarrez hasi ziren. Horrenbeste egin zuten negar ezen Sabana ibaiez eta urmaelez bete zuten.

Bla, bla, bla. Tontokeriak. Pemonei bost axola pachamama, bost axola zuhaitzak eta bost axola Roraima. Axola zaien gauza bakarra (guk topatu genituenei behintzat) dirua da. Zenbat eta gehiago hobeto. Zergatik diodan hau? Irakurri bada guri gertatu zitzaiguna.

San Franciscora heldu eta gu bezalako jende gehiago topatzen saiatu ginen, talde handiago bat osatu eta garraioaren eta gidaren kostuak merketu nahian. Ez genuen inor aurkitu eta gaua kanping dendan pasa genuen, landa batean. Biharamunean ere kale, ez zen inor agertu, mundu guztia tour antolatuetan zihoan, inor ez zebilen bere kontura, bakarrak ginen. Paraitepuira (trekking-ak hasten diren tokia) joateko 300 bolivar eskatzen zizkiguten eta oinez joatea erabaki genuen. 27 kilometro eguzkipean. Eskerrak bidean pare bat autok sufrimendua arindu zigutela. Paraitepuira heldu eta espektakulua hasi zen. 700 bolivar genituen gidari ordaintzeko eta Santa Elenara itzultzeko eta enpresek 1.700 (250 euro) eskatzen ziguten bakoitzeko.

Orduak joan ziren eta inork ez gintuen eraman nahi. Denda jarri eta biharamunera itxarotea erabaki genuen berriz. Dagoeneko apur bat nazkatuta geunden, pemonek ez ziguten hitz egiten (bazekiten ez genuela dirurik) eta tour agentzietakoek ere ez. Herri guztia haraino beren kabuz eta ia dirurik gabe heldutako bi gringoei begira zegoen. Herriko nobedadea ginen. Arratsaldean paseo bat ematera joan nintzen eta bueltan Euge sutan topatu nuen.

Antza, paseatzen nengoen bitartean komunitateko agintari nagusia (Jose Miguel Lezama, gerora enteratu nintzenez) hurbildu eta harekin eztabaidatu zuen. Tipoak argi eta garbi esan zion, “si no vienen a dejar su dinero con amor, es mejor que se vayan”. Putaseme halakoa! Eugek kristonak esan zizkion. Kontatu zidanean tipoaren bila joan nintzen, Roraima hor aurrean izanda atzera egin behar? Bai zera! Ez nuen aurkitu. Herritarrekin eztabaidatzen hasi nintzen orduan, kapitalista hutsak zirela esan nien, dirua baino ez dutela nahi, mendia pribatizatuta dutela eta hori ez dela bidezkoa. Europar eta yankientzako turismoa baino ez dute nahi eta diru gutxi dutenak, izorra daitezela! Gainera, turistei ateratako diru asko eta asko garagardoan gastatzen dute, egun osoa mozkor.

Guk ez genuen inolako arazorik ordaintzeko baina ez zitzaigun bidezkoa iruditzen horrenbeste ordaintzea mendira (denon lurraldea) joateagatik eta behar ez genuen zerbitzu bategatik. Legez debekatuta dago gidarik gabe igotzea (Pemonak dira gida gehienak), baina guk janaria generaman eta ez genuen zamaketaririk behar. Gidek 300 bolivar eskatzen ziguten egun bakoitzeko. Ez genuen hainbeste. Paraitepuin edonor izan daiteke gida, berdin ingelesik hitz egin ez (askok espainolez ere ozta-ozta), inguruari buruzko azalpenak emateko ikasketa minimoena ere egin ez, kontua pemona izatea da.

Komunitateko agintariaren bila ari nintzela Otiliorekin egin nuen topo. Otilio, 42 urteko Paraitepuitar jatorra, gure arazoa entzun eta 600 bolo kobratzeko prest agertu zen. Ateak ireki ziren! Popatik hartzera Komunitateko agintaria!

Hurrengo goizean abiatu ginen. Motxila prestatzeko betarik ez eta aurreratzeko agindu zigun Otiliok, aurrerago harrapatuko gintuela. Egun eta erdi beranduago agertu zen lotsabakoa. Guri bost, bidea erraza zen eta nahiago genuen gure kasara joan. Roraima aurrez aurre genuen beti eta Kukenan handia (2.600 metro) ezkerrean, gero eta hurbilago ikusten genituen baina aldi berean inoiz ez ginela euren parera iritsiko ematen zuen.

Lehenengo egunean 18 kilometro egin genituen Kukenan kanpalekurarte. Han puri-puriek amorruz hartu gintuzten. Puri-puriak eltxo txikiak (gengen) dira, ia ez dira ikusten eta repelenterik jartzen ez baduzu gorputza ziztadaz betetzen dizute. Kukenan ibaia zeharkatzerakoan jasanezina bihur daiteke moskito hauen presentzia.

Bigarren egunerako agujetak kristonak ziren. Beste 9 bat kilometro egin genituen kanpaleku basera heltzeko. Han, Roraimaren babespean, bainu bat hartu genuen mendian behera datozen ur hotzetan eta indarrak hartu genituen azken txanparako. Hirugarren egunean goizean goizetik ekin genion azken igoerari. 3 ordu eta erdi eman genituen kanpalekutik tontorrera bitartean dauden 900 bat metroak igotzeko. Gogotik sufritu genuen, Eugek batez ere, baina tontorrak gordetzen ziguna ikustean minak eta nekeak apur bat arindu zitzaizkigun.

Roraimaren tontorreko paisaia bakarra da. Askok ilargian aurki daitekeenaren antzekoa dela diote, Roraima planeta. Gailurreko florak eta faunak modu berezian eboluzionatu dute eta bertan ikus daitezkeen landare eta animaliak harrigarriak dira. Lore haragijaleak, igel beltz txiki eta pozointsuak eta azeri intsektujaleak. Gainera, euriaren eta haizearen higadurak oso harkaitz formazio bereziak sortu ditu, jacuzzi naturalak, errekak, urmaelak, onddo itxuradun mendixkak, pilota formadun harriak,… hain zuzen ere harkaitz hauen azpian lo egiten dute bisitariek. Pemonek ‘hotel’ deitzen diete eta guztira zortzi daude Roraiman tontorrean sakabanatuta. Guri Indio hotela egokitu zitzaigun. Gauez lainoa sartzen da eta kriston hotza egiten du baina merezi du gutxienez gau batez bertan geratzea.

Goizean goiz jaisten hasi ginen. Jaisteko ere 3 ordu eta erdi behar izan genituen Eugek belauna bihurritu eta errenka jaitsi behar izan zuelako, baina kanpaleku basean geratu beharrean Kukenan ibairarte itzuli ginen. Zortzi orduz eguzkipean ibili ginen gerizperik topa ezinik eta ibaian bainutxo bat hartu behar genuenean lainotu egin zen! Hau miseria! Gau hartan geratzen zitzaigun janari apurrarekin amaitu genuen. Sei egun pasa genituen Maria gailetak gosaltzen, jamon york eta gazta sandwichak bazkaltzen eta patea afaltzen, baina biharamunean berriz Paraitepuira heltzean izandako sentsazioa berriz bizitzearren beste aste bat pasatuko nuke dieta ziztrin horrekin. Baina benetan onena jende eta gauza guztiak (edo gehienak) kontra izanda ere gure asmoak burutu ahal izanaren “satisfakzioa” sentitzea izan zen. Hau nire iritzia da noski, ibilaldiaren ostetik Eugek bi egun pasa zituen ibili ezinik eta oso bestelako ikuspegia dauka.

Irakurtzen jarraitu

Indarrik gabe Fortalezan

Beste autobus batera salto egin genuen Fortalezara joateko. 18 ordu aurreko umeen negarrak entzuten, ez da txantxa. Fortaleza Brasilgo hiririk arriskutsuena omen da, indarkeriaren ondorioz heriotz gehien dituen estatua. Horrek ez gintuen gehiegi liluratzen eta hondartzara joatea nahiago izan genuen hiria azken egunerako utziaz.

Canoa Quebrada izeneko herritxo batean amaitu genuen. Herria ostatu garestiz josita dago, hondartzaren ertzean, eta gauez kale nagusia (Broadway deitzen diote eurek) jendez betetzen da. Herria Nouvelle Vague zinema mugimendu frantsesari esker egin zen ezaguna baina ez dauka gauza handirik. Hori bai, atsegina izan zen berriz ere olatuen indarra eta ur gaziaren zaporea sentitzea. Denbora gehiegi neraman ibaian, kostaldea erdi ahaztuta nuen jada.

Manausera itzuli aurretik Fortalezatik pasa ginen, hiriaren erdigunea bisitatzera. Oraindik ez dut ulertzen nola erakar ditzakeen horrenbeste turista. Hiria itsusia da, itsuia eta aspergarria iruditu zitzaidan. Merkatu erraldoi bat (Brasilgo handiena, diotenez), Katedral erraldoi bat, gotorleku erraldoi bat eta artisautza gune bihurtutako kartzela txiki bat. Hori da funtsean ikusi genuena. Bueno, ikusi nuena esan beharko nuke bidaidea gaixotu egin baitzen berriro eta ia arrastaka eraman behar izan nuen toki batetik bestera. Merkatuan denbora gehiago egon zen komunean sartuta merkatuan bertan baino; gotorlekua itxita zegoen; katedralean lo geratu zen banku batean etzanda; eta kartzelan gonbituka ibili zen komunetik irten ezinik. Fortalezak indar guztiak kendu zizkigula esan daiteke.

Gauean Manausera bueltatu ginen hegaldi merke batean. Aireportuan medikura joan ginen. Eugeri gonbituak eteteko pilula bat eman zion eta niri sabelaldean, albo batean ateratako bolatxoa zer den argitu zidan. Haren hitzetan, “lesão nodular cistica (kistikoa) abdominal” bat daukat. Baina ez naiz hilko, berez desagertuko dela esan zidan, gorputzak kanporatu ezin eta kapsula batean sartu duela.

Goizaldeko 03:00etan iritsi ginen ostatura eta erreserba izan arren ez gintuzten espero, ondorioz, gela zikinenean sartu gintuzten. Manausen apur bar baretu ziren Eugeren gaitzak eta Boavistara alde egin ahal izan genuen.

Venezuelara pasa aurretik azken geldialdia izan zen Boavista. Hiri fantasma baten antza hartu genion. Egunez ez dabil inor kaletik, gu bezalako bidaiari despistatuak ezik. Eta gauez jende guztia Praça das aguas deritzoten tokian biltzen da baina gainerako tokiek hutsik segitzen dute. Fortaleza hiririk arriskutsuenetarikoa dela badiote, Boavistan kontrakoa gertatzen da, edo hobe esanda, ez da ezer gertatzen. Dolarrak lortzen saiatu nintzen Venezuelako merkatu beltzean aldatzeko (kanbio ofiziala negar egiteko modukoa da) baina ezin. Realak eraman behar izan genituen ustezko iraultza bolivartarraren herrialdera.

Mugara autobusean iritsi eta oinez pasa ginen Venezuelara, Santa Elena de Uairenera. Aduanako funtzionarioek sukar horiaren aurkako txertoaren egiaztagiria ote genuen galdetu ziguten. Eugek baietz erantzun zien, baina motxilaren barrenean zeramala. “Ondo da”- funtzionarioak. “Eta zuk, baduzu ezta?”- niri ari zitzaidan. Segundu batez egia esatea pentsatu nuen, baina zertarako… “Bai, bai, noski, motxilan daukat”. “Ondo da, pasa zaitezkete”. Venezuelan geunden.

Irakurtzen jarraitu